GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Lau eta erdiko txapelketa

«Azkenean, erremonteko pilotekin jokatuko dugu»

Aimar Olaizolak gogor jo zuen Juan Mari Juristiren lanaren aurka, Barriolaren pilotak biziegiak direla-eta.

p048_f01_199x120.jpg

Jon ORMAZABAL

Haserre, oso haserre behar du Aimar Olaizolak Juan Mari Juaristi EPELeko material aukeratzaileak egindako lanarekin; izan ere, Bilbon jokatu beharreko azken bi partiden atariko aukeraketetan, saskian aurkitutako pilotei kritika zorrotzak egin dizkie. Martinez de Irujoren aurka jokatu zuen egunaren bezperan, berak gustuko pilota motelak ez aurkitu izanaz kexu zen eta aurkariarenak biziegiak iruditu zitzaizkion. Atzo, behintzat, bere gustukoak topatu zituen, baina aurrekoan baino gogorrago hitz egin zuen, eta bere protestek norabide zehatz bat izan zuten, Atano XIII.a.

Goizuetarrari azkar nabaritu zitzaion duen ezinegona ez dela soilik atzokoa, azkenaldian orokortu omen den joera baten aurka agertu zen eta joera hori mozteko ezer egiten ez omen duen hautatzailearen aurka. «Denbora dezente daramat gauza bera esanez. Niretzat behintzat, distantzia honetarako pilota mota hau gehiegizkoa da. Partida asko daramatzagu horrelako pilotekin jokatzen, eta gehietxo dira, ia lau koadro ibiltzen diren pilotak dira eta distantzia honetarako ez zait normalegia iruditzen. Orain hiru edo lau urte erabiltzen ziren pilotetara itzuli gara, baina pilotariak ez du horren errurik. Hori moztu behar duenak ezer egiten ez badu, normala da pilotariak pilota horiek aukeratzea ondo badatorzkio», esan zuen.

«Horrela denok gustura»

Hautatzaileak enpresa bakoitzak aurkezten dizkion pilotetatik aukeraketa bat egin behar izaten du, pilotariei frontoi bakoitzera hobekien moldatzen direnak aurkezteko, eta hor ari da huts egiten Atano XIII., Aimar Olaizolaren ustez. Aurkezten dizkiotenak halakoak badira Juaristik egiteko gutxi daukala esateak ez du Goizuetakoa konbentzitzen. «Beste lote bat ere eska dezake. Erremonteko pilotak ematen badizkiote ere, berdin, ezta? Egunen batean erremonteko pilotekin jokatzera iritsiko gara, denak gustura egon daitezen», azaldu zuen Asegarcekoak.

Punta-puntan dabiltzan gainerako pilotariekin alderatuta, Aimar Olaizolak badu gainera nolabaiteko desabantaila bat, bera baita irteera gutxiagoko pilotak hobesten dituen bakarrenetakoa, eta, hori dela-eta, nolabaiteko desoreka antzematen du pilotak aukeratzeko garaian. «Beste pilotari batzuk ere badira gauza bera diotenak. Beti esaten dut pilota baxuegiak kendu egin behar direla, baina biziegia dena ere bai. Pilota onak jarri behar dira, distantzia bakoitzerako eta frontoi bakoitzerako egokiak direnak. Nireak hilegiak badira, denak ken ditzatela, baina biziegiak direnak ere bai. Ez dut uste horren zaila denik», azaldu zuen nahiko haserre.

«Jende guztia ez da biziengatik kexatuko, baita hildakoengatik ere, baina oso konponbide erraza du; orain, horretan sartu nahi ez baduzu... denok gustura eta kito», gaineratu zuen.

Berari komeni zaizkion pilotekin behintzat gustura geratu zenez, materialak horrenbesteko garrantzia duen partida batean eraginik ez izatea espero du kaiolako txapela lau aldiz jantzi duen pilotariak. «Espero dezagun ez dezala ezer baldintzatu. Argi dago bakoitzak bere pilotak hartzen dituela. Pilotariak ez du inolako errurik. Biziak gustatzen bazaizkio eta saskian zazpi koadro dabilen pilota bat ikusten badu, normala da pilota hori hartzea, Abelek hor ez du inolako errurik», adierazi zuen.

Materiala alde batera utzita, ohi bezala, Aimar Olaizolak muzin egin zion askok jarri dioten faborito izaerari, eta Abel Barriolak «sekulako errespetua merezi» duela nabarmendu zuen goizuetarrak.

Adierazi zuenez, irabazi ahal izateko, bere mailarik onena erakutsi beharko du, esate baterako iragan larunbatean, Xalaren aurkako partidan, batez ere erditik aurrera erakutsi zuena. Ezker gantxoa uda amaieran bezain fresko izan zuen ordukoan, eta Aimar Olaizolak berak atzo onartu zuen aurtengo txapelketan jokatutako partidarik onena izan zela Labritekoa.

ATAUN

Promozio txapelketako finalerdietako ligaxkako azken jardunaldia gaur hasiko da Ataunen. Finalean egoteko, Mendizabal III.ak nahikoa du 17 tanto egitea eta, aukerak izateko, Albisuk gutxienez sei tantoko aldearekin irabazi beharko du.

«Aimar birziklatzen maisua da»

Bakoitzaren pilotak oso desberdinak direla onartu arren, Abel Barriolak ez zuen aparteko kexarik izan, finalerako txartela «euskaldunoi gustatzen zaigun bezala, kale edo bale» jokatuko den partidaren atarian.

Igandekoa, kaiola barruan elkarren aurka jokatuko duten hamaikagarren aldia izango da, eta gauzak asko aldatu dira 2002an, 80 minutu eta 448 pilotakadaren ostean, Goizuetakoak 22-16 irabazi zuenetik. Ondorengo gehienetan ere, hamarretik zazpitan, Asegarcekoak lortu du garaipena, baina horretarako bere jokoa garai berrietara bikain moldatzen ikasi du.

Horixe izan zen, aurkariaz galdetuta, Abel Barriolak atzo nabarmendu zuena. «Gainontzeko kirolak bezala, gaur eguneko pilota ere askoz abiadura handiagoan jokatzen da. Zaila izango da orduko pilotakada kopuru hori berdintzea, bai igandean, baita beste edozein partidatan ere. Bakoitzak txikitatik bere jokatzeko erak ditu, eta nire kasuan botera jokatzea gustatu izan zait. Gaur egun, ordea, airez jokatzen da askoz gehiago; ez da aitzakia bat, pilotak izan duen bilakaera baizik. Eta horretan Aimar maisua izan da, beti izan du airez sartzeko gaitasuna, baina orain askoz gehiago sartzen da. Esan liteke Irujok aldatu zuela jokatzeko modua, eta Aimarrek lehen ikaragarri jokatzen zuen eta orain beste pauso bat eman du. Beti izango da azkarra, burutsua eta hori guztia, baina orain oldarkorra ere bada. Birziklatzen maisua izan da eta ni birziklatze bide horretan nago».

Horregatik, igandean jokoaren ekimena eramateak sekulako garrantzia izango omen du, Irujoren aurka sekula lortu ez zuena. «Goitik behera dominatu ninduen. Gutxi izan dira nire ibilbidean halako nagusitasunarekin irabazi dizkidaten partidak, baina hau kirola da, astetik astera gauzak aldatzen dira eta ez dago atzera begiratzerik», gaineratu zuen. J.O.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo