GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bilduko hautetsiek jaso dituzten mehatxuak salatu dituzte Oñatin

Iosu Lizarralde Oñatiko Bilduko hautetsiak bere etxean mehatxu gutuna jaso berri duela salatu zuten atzo. Euskal Herriak bizi duen aro politiko berria oztopatzeko asmoa ez dutela lortuko nabarmendu, eta elkarretaratzea egitera deitu zituzten herritarrak, astearterako, 19.00etan.

p019_f02.jpg

GARA |

Urrian zehar Bilduko udal taldearen aurkako mezu ugari iritsi ziren Oñatiko Udalaren webgunera, baina «gertakari aislatua zirudien honek salto kualitatibo bat eman zuen, gure udaleko kide den Iosu Lizarralde hautetsiak, bere etxean, berari eta Bildu koalizioari zuzendutako mehatxu gutuna jaso ostean», salatu zuen atzo Gipuzkoako herri honetako alkate Mikel Biainek, hautetsiekin eta herritarrekin egindako agerraldian.

«Hor egon dira beti, sekula ez dira joan, aitonengandik eta gurasoengandik jasotako `España una, grande y libre' proiektua aurrera eramateko prest, gizartearen kontra bada ere. Baina mehatxatzen dutenek, monolitoak eta arranoak apurtzen dituztenek ez dute beldurrik; ez gizartearen babesa dutelako, ez, Gobernuaren, boterearen eta epaileen kloaken babesa dutelako baizik. Inpunitatea ziurtatuta dute eta eroso sentitzen dira», gaineratu zuten.

«Baina oker daude, gu ez gara ezkutatuko, gu ez gara kaletik desagertuko, herri hau ez da trabak ipintzen jarriko, eta horrela gure babes sentikorrena adierazi nahi diogu Iosuri bere konpromiso eta herriaren aldeko lanagatik. Babesa eta ondoan izango gaituztela adierazi nahi diegu bere lagun eta familiari», nabarmendu zuten, maiatzean izandako hauteskundeetan Oñatin hamazazpi zinegotzietatik Bilduk hamaika lortu zituela gogoratuz.

«Euskal Herrian garai politiko berri bat bizi dugula nabarmena da eta horretarako herri honetako hainbat eragilek lan zintzoa egiten dihardute, horien artean Bildu koalizioa osatzen duten gizon-emakumeak», adierazi zuten, eta Oñatin jasotako mehatxuen helburu bakarra zabaldu berri den bide politiko hori oztapatzea dela erantsi.

«Honen aurrean garbi eta ozen esan nahi dugu honelako saiakerek ez dutela bilatzen duten helburua lortuko», esan zuten Oñatiko agerraldian bildutakoek.

Gauzak horrela, Bilduk mozioa aurkeztuko du asteartean, Oñatiko Udalean, eragile guztiei eta jendarte osoari eskatuz «garai berria oztopatu eta honen aldeko konpromisoa argia erakutsi duten ordezkari politikoak jasaten ari diren mehatxuen aurrean konpromiso aktiboak har ditzaten». Osoko bilkura asteartean izango da, 19.00etan. Ondoren, Herriko Plazan elkarretaratzea egitera deitu dituzte Oñatiko herritarrak.

Bide batez, gatazkaren irtenbidea lortzeko lanean segitzeko konpromisoa berretsi du Udalak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo