Analisia | Abu Dhabiko sari nagusia
Egun txar bat bulegoan
GARAko 1 Formulako analista iragan asteburuan izandako Abu Dhabiko Sari Nagusiaz mintzatzen da testu honetan. Vettelen zorte txarra, Munduko Txapelketako bigarren posturako lehia eta, batez ere, Lewis Hamiltonen errendimendua iruzkindu ditu.
Xabier ALZELAI Probetako ingeniaria
Denboraldi batean lortutako pole positionen marka berdindu ondoren, Vettelek beste marka bat hautsi zuen igandean: urteko bere emaitza eskasena. 2011n orain arteko 17 lasterketak bukatu dituen pilotu bakarrak ez du zortea alde izan oraingoan Yas Marinako zirkuituan. Guztiok dugu egun txar bat bulegoan. Hasi bezain pronto, lasterketa amaitzera behartu zuen zulatze misteriotsu bat jasan zuen bigarren bihurgunean. Gurpila nola geratu den ikusita, benetan zaila izango da zulatze horren kausa identifikatzea. Pneumatikoaren presio galera berehalakoa izan da; normalean mota honetako zulatze bat pistan aurkitzen den karbonozko piezaren baten ondorioz gertatzen da, baina badirudi oraingoz ez dela piezarik agertu. Vettelen arazoak Hamilton bakarrik utzi zuen buruan. Alonsok 5. postutik 2.era salto egin zuen.
Asturiarrak bere 73. podiuma lortu du bigarren postu horrekin, bere lehena zirkuitu honetan. Honekin, Alonsok parte hartu duen zirkuitu bakoitzeko podium bat dauka gutxienez. Gainera, Buttonengandik hamar puntura dago, lasterketa baten faltan; beraz, txapelketako 2. postua lortzeko borrokatu daiteke oraindik. Hamiltonek egun borobila izan zuen, akatsik gabe; bazen ordua. Edozein kasutan, Buttonengandik 28 puntura dago, lasterketa baten faltan; beraz, aurtengoan lehendabiziko aldiz bere taldekidearen atzetik sailkatzearekin aski izan beharko du.
Red Bullek ez du denboraldiko maila erakutsi. Vettelen arazoaz gain, Webberren lehen geldialdia oso motela izan zen. Ondorioz, podiumeko borrokatik aldendu zen. Azken 20 lasterketetan lehen aldia da Red Bull batek podiuma zapaltzen ez duela.
Iazko lasterketarekin alderatuz, non soilik 11 aurreratze ikusi genituen pistan, oraingoan ikusgarritasunak irabazi du, dudarik gabe. Dena den, DRS gune bikoitzak ez zituen gauzak samurtu pilotu batzuentzat, lehenengo zonan aurreratzea lortu ondoren, bigarrenean aurreratuak izaten baitziren. Ondorioz, buruan zihoazen pilotuek arazoak izan dituzte gidari motelak paretik kentzeko eta denbora dezente galdu dute.
Denboraldiaren bigarren ataleko gai aipagarrienetako bat Hamiltonen errendimendua izan da. Asko hitz egin da zirkuitutik kanpoko bizitza pribatua bere errendimenduan izaten ari den eraginaz. McLaren-eko talde zuzendari Whitmarsh-ek Indian gertatu zenaren ondoren hedabideetan esan zuenak ere litekeena da gehiegi lagundu ez izana. Whitmarsh-en hitzetan, Hamiltonek burua beste nonbait izatearen arrazoietako bat Buttonen talde barneko nagusitasuna izan zitekeen. Jarrera nahiko harrigarria da McLarenen aldetik; izan ere, normalean zure pilotu batek arazoak baldin baditu, berau babesten saiatzen baitzara. Baina Hamilton ez dago iritzi horrekin ados, eta bere egoera azaltzen saiatu da. Dirudienez, burua beste nonbait izatearen arrazoi nagusia pertsonala da.
Pilotuaren buruarentzat garrantzitsua da bere ingurunea behar bezala aukeratzea eta zaintzea, inolako kezkarik gabe eta segurtasun osoz gidatu ahal izateko. Bere ingurunearekin burbuila bat osatu behar du, eroso sentitu eta arazo guztiak ahazteko. Zentzu horretan, Buttonek burbuila oso sendoa darama bere inguruan. Lasterketa guztietara bere aita, managerra, lagunak eta neskalaguna eramaten ditu. Baina pilotu bakoitza desberdina da eta burbuila mota desberdinak behar ditu bere inguruan. Batzuek burbuila horretan euskarri emozional bat bilatzen dute, eta familia eta neskalaguna behar dituzte inguruan eroso sentitzeko; beste batzuk euren buruan kontzentratzen dira gehiago eta manager indartsu bat behar dute soilik alboan. Kubica eta Vettel bigarren motako pilotuak dira. Mekanikariek eta ingeniariek ez ditugu neskalagunak edota gurasoak bulegora edo lantokira eramaten... Baina kirolariei dagokienez, errendimendua hobetzen laguntzen duen guztia onartzen da, eta egokia da.
Adibide gisa, 2009ko Europako F3 txapelketan gertatu zen anekdota bat: Monzan geunden eta neraman pilotuaren neskalaguna asteburu osoan haren alboan izan zen. Neskalagunaren gehiegizko presentziaren ondorioz, pilotuaren atentzio falta nabaritzen genuen eta taldeko zuzendariak pilotuarekin hitz egin zuen. Hurrengo egunean, kalifikazioa hasi baino 3 minutu lehenago, pilotuak eta bere neskalagunak sekulako eztabaida izan zuten box barruan. Haserre atera zen, baina pista barruan ez zekien zertan zebilen. Ez zituen mezuak jarraitzen, guztiz galduta zegoen. 9. denbora lortu ondoren, kalifikazioa amaituta zegoela eta boxera itzultzen, beste auto batekin talka egin zuen eta suspentsioa hautsi zuen. Dena delako arrazoiagatik, Hamiltonek bere burbuila galdu du eta orain beste bat sortu beharko du datorren denboraldirako.