GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Santutxuko erasoa eta lekuz kanpoko jarrerak

Atzo Bilboko Santutxu auzoan hildako bat eta hainbat zauritu utzi zituen gertakaria deitoragarria da, eta min handiaren eragile. Jazotakoak edonori sortzen dion lehen sentimendua biktimekiko eta horien senideekiko elkartasuna da. Epaileek eta poliziek ikerketa egin beharko dute, jakina, nola gertatu zen eta haren kausa jakiteko. Hala ere, atentzioa eman zuten atzo zenbait erreakziok. Patxi Lopezek, esaterako, lekuz kanpoko adierazpenak egin zituen gertakariaz. Elkartasuna edonork partekatzen du, nola ez, baina guztiz lekuz kanpokoa da gertakari horrek «indarkeria terrorista, matxista edo bestelakoa» bukatzeko borondatea berresteko balio behar duela esatea, edo erasoaren egilearekin «justizia egingo» dutela espero duela esatea. Normalean ez al da justiziarik egiten? Edo «justizia berezia» nahi al du kasu honetan? Bilboko Udalak elkarretaratze bat deitu izanak ere zer pentsatua ematen du. Rodolfo Ares Barne sailburuak erasoaren kausa zein izan den jakiteko oso goiz dela esan zuen arren, noren edo zeren kontrako elkarretaratzea egingo dute? Lehendakariak eta instituzioek biktimekiko elkartasun osoa erakutsi behar dute, baita behar duten laguntza guztia eman ere, juridikoa barne, baina euren zeregina arazoak konpontzen saiatzea da. Eta ez du zentzu handirik horrelako elkarretaratze batek, are gutxiago justiziak bere bidea egingo duela uste badute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo