GARA > Idatzia > Kultura

Joxemari Carrere Ipuin kontalaria

Kontalariak

Kontatzen hasi nintzenean (badira urte mordoxka), lehenengotako emanaldietan Gasteizera joan behar izan nuen, taberna batean kontatzeko asmoz. Antolatzaileetako batekin tabernako barrara gerturatu eta tabernariak: «Bai, gero txiste kontalaria dago». Nire duintasuna minduta, kontua argitu nion: «Ni naiz, baina ez txiste kontalaria, ipuin kontalaria naiz». Eta kasurik ez zidan egin. Ordutik hona, lagunek eta ezagunek, askotan galdetu izan didate zer moduz nabilen txisteak-eta kontatzen. «Nik ez dizkiat txisteak kontatzen, ipuinak baizik»; «Bueno, edo hik egiten duan hori». Gaiaz aldatu ohi dut.

Hala ere, ulergarria da kontalariak txiste kontalariekin, edo haur zaintzaileekin, edo irakurzaletasunaren morroiekin, edo ez-dakit-zeren-aldeko animatzaileekin okertzea. Izan ere, zer irudi dago kontalarien gainean? Non agertzen dira? Nola dute izena? Eta izana? Villabonako Mintzola Etxean buruturiko Ahoa Bete Hots ahozkotasun jardunaldietan, Leire Diaz de Gereñu kontalaritzaren ikerlariak ohartarazi zigun kontalaritza garaikidea ez dela aipatu ere egiten ahozkotasunaren gaineko ikerlanetan. Egungo kontalariak ez omen gara existitzen halako ikerketetan. Ohartarazi zigun ere euskal kontalaritza garaikidea haurrei eta euskaldun berriei zuzentzen zaiela batez ere; oso gutxitan, helduei eta euskaldun zaharrei.

Nik hau gehituko nioke: ikusleei, alegia, euren borondatez eszena gaineko proposamen batera hurbiltzeko prest daudenei. Leirek berak aipatzen zuen ere euskal kontalaritza garaikideari jarraipen akademiko bat zor zaiola. Eta begirunea ere bai, esango nuke nik; txiste bihur ez dadin.