SOKATIRA Zortzikoa
Amaiurrek hasieratik erakutsi nahi izan du txapelak lortzeko faborito nagusia dela
J.L.
Amaiurrek oso indartsu ekin dio Nafarroako Goma Gaineko Txapelketari. Larunbatean abiatu zen, eta jokatu ziren bi pisuetan nagusi izan zen. Txapelak lortzeko faborito nagusiak direla argi utzi zuten.
640 kilokoan lehen postuan amaitu zuen lau punturekin, nagusitasun osoa erakutsiz. Bigarren Berriozar sailkatu zen hiru punturekin; hirugarren Basaburua-Imotz sailkatu zen, bi punturekin; eta azkena, berriz, Txantrea, puntu bakar batekin.
420 kiloko lehiaketa mistoa ere jokatu zen. Hau zortzikoa izan beharrean, seikoa izango da. Talde bakoitzean hiru mutil eta hiru neska izango dira. Hor ere Amaiurrek erabateko nagusitasuna erakutsi zuen, eta lehen jardunaldian bera gailendu zen, hiru puntu lortuta.
Bigarren posturako, ordea, borroka handia izan zen, eta amaieran berdinduta geratu ziren Sakana eta Basaburua-Imotz. Biek galdu egin zuten Amaiur taldearekin, baina elkarren arteko tiraldietan bana irabazi zuten, eta puntu eta erdirekin berdinduta geratu ziren. Datorren larunbatean jokatuko da bigarren jardunaldia Elizondoko pilotalekuan, arratsaldeko seietatik aurrera.
Herenegun, berriz, Nafarroako Bigarren Mailako trontzalarien finala jokatu zen, eta Eugik eta Kañamaresek erraz irabazi zuten. 4 minutu eta 34 segundoan amaitu zituzten lanak, marka berria ezarriz, eta bigarren sailkatu ziren Oteiza eta Berruezori bi minutu eta erdi kendu zizkieten. Aizkolari gazteen Torneoa ere jokatu zen, eta Iker Vicentek lortu zuen garaipena.