GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

HAUTESKUNDEAK GARAI BERRIAN

Donostiako Parte Zaharra «askatasun ikurtzat» hartu du PSEk

p005_f02.jpg

PSEko agintari eta hautagai nagusiek Donostiako Konstituzio plaza hartu zuten atzo goizeko hauteskunde agerraldia egiteko. «Berreskuratutako askatasuna» ospatu nahi zutela esan zuten, eta, horretarako, Gipuzkoako hiriburuko Parte Zaharra hautatu zuten, «hemen, orain beldurrik gabe ibil daitekeela» nabarmentzeko asmoz.

Hor jazotako bi gertaera ekarri zituzten gogora: hainbat eraso jaso ondoren, plaza horretan zegoen Lagun izeneko liburu-denda itxi behar izan zutela eta toki berean 1999ko hauteskunde kanpainan Ernest Lluch PSCko ordezkariak ezker abertzaleko kide batzuekin liskarra izan zuela. Urte eta erdira ETAk Ernest Lluch hil zuela esan zuen Patxi Lopezek.

«Plaza honetako hormek hitz egiteko gaitasuna balute, negar egingo lukete. Hainbeste indarkeria ekintzarengatik eta hainbeste mehatxurengatik negar egingo lukete», gaineratu zuen Lopezek, Odon Elorza, Eduardo Madina eta Ramon Jauregi, hurrenez hurren Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako hautagai nagusiak ondoan zituela.

ETAren erabakiaren ondoren, elkarbizitza bultzatuko dutela aipatu zuen jarraian Lopezek, baina «hildakoak ahaztu gabe» egingo dutela zin egin zuen.

PP

Pilotan aritu da Semper, «joko garbia» irudikatzeko

Hauteskunde kanpainan ohikoak ez diren irudiak eskaintzen dituzte hautagaiek, eta horietako bat ikusteko aukera izan zen atzo Eibarren. Legorre frontoian pilota partida jokatu zuten Borja Semper PPko Gipuzkoako presidenteak eta Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburu Jose Ignacio Azpirozek. Kazetariei esan zietenez, ekimen horrekin hauxe irudikatu nahi zuten: «Politikan joko garbia behar da. Jendeari egia esan behar zaio, hiritarrak pertsona heldu gisa hartu behar dira aintzat -eta ez adin txikikoak balira bezala-, zintzo jokatu behar da eta politikariak hiritarren alde gaudela ez da inoiz ahaztu behar».

Ondorioz, «berekoikeria» goizero bazterrean utzi behar dela argudiatu zuen Semperrek, eta erakundeetako «moketa» zapaldu arren, «lana, zentzu ona eta zintzotasuna» beti nagusi izan behar direla erantsi zuen.

Ordezkarion ustez, hori guztia islatzen du PPk. «Euskaldunon hitza PPrengan dago», laburbildu zuen Semperrek.

Hautatuak badira, egunero onena emango dutela ziurtatu zuen Gipuzkoako agintariak. Eta irizpide bat erabiliko dutela gaineratu zuen: «Gizarte hau anitza dela badakigu, eta guztiontzako gobernatu behar da. Kudeaketa egiteko soilik sartuko dugu eskua kutxan».

Jose Eugenio Azpirozek gaineratu zuenez, PP eredugarri ari da jokatzen hauteskunde kanpaina honetan zehar, «egunero gure proposamenak luzatzen ditugulako, baina gure arerioak iraindu gabe». Horrez gain, Mariano Rajoyk «talde serioa, eraginkorra eta ondo prestatua du», esan zuen hautagaiak.

EAJ

Zerga iruzurraren aurkako neurriak eskatuko dituela esan du Erkorekak

EAJk zerga iruzurraren aurka eragin nahi duela adierazi zuen goizean Bilbon egindako ekitaldi batean. Horretarako, egungo araudia aldatzea ezinbesteko ikusten du Josu Erkoreka Bizkaiko zerrendaburuak.

Zehatzago, hurrengo legealdian jeltzaleek Estatu mailako araudia aldatzeko ekimenak aurkeztuko dituztela iragarri zuen Erkorekak. Horren bidez, Bizkai, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako ogasunek diru gehiago izatea ahalbidetuko litzatekeela adierazi zuen.

Egungo legediak «zergak ez ordaintzeko trikimailuak erabiltzea» baimentzen duela egiaztatuta dagoela esan dute hautagai jelkideek. Eta ogasunaren aurkako delituak ere gogorrago zigortu behar direla baieztatu dute.

Alde horretatik, «paradisu fiskalen» aurka ekin beharra dagoela zehaztu zuen Josu Erkorekak, eta gertuko bi adibide jarri zituen mahai gainean: Gibraltarren eta Andorran zergen dirua ezkutatzen dela esan zuen.

Kirol arloan hainbeste erabiltzen ari den Konkurtso Legea delakoari ere erreparatu zion Erkorekak. Onartezintzat jo zuen iruzurra egiten duten enpresek aukera hori erabiltzea, eta gero «ezer gertatu ez balitz bezala, lanean jarraitzea berriz».

Horrekin guztiarekin batera, zerga sistemaren inguruko hausnarketa sakona egin behar dela defendatu du EAJk igandeko hauteskundeen atarian.

Eztabaida horrek «irekia eta mugarik gabekoa» izan behar du, Erkorekaren iritziz, osotasunean burutu beharrekoa eta ez, orain arte egin den bezala, «moldaketa txikiak edo partxeak erabiliz». Eraldaketa hori egiteko oinarria, bere hitzetan, hauxe izan behar da: «Gehien daukanak gehiago ordaindu behar du».

Bizkaian EAJko Kongresurako zerrendako hautagai nagusiak Euskal Herriko ogasunetan sartzen den dirua ez dela nahikoa ekarri zuen gogora eta horren inguruan kezka agertu zuen. Bi eremutan eragin behar dela azpimarratu zuen: batetik, zerga iruzurraren aurka borroka egin, eta, bestetik, sistema bera eraldatu, diru sarreren etengabeko galera behingoz amai dadin.