GARA > Idatzia > Euskal Herria

Tren garraioaren bilakaera aztertzeko behatokia sortu dute

Akizetik Hendaiarako tartean tren zirkulazioa neurtzea eta Bidasoaz gaindiko bilakaera ekonomikoa aztertzea izango da abiatu duten behatokiaren helburua. Atzo Baionan aurkeztutako egiturak zirkulazioaren aurreikuspen zehatzak finkatuko ditu; batetik, Lapurdiko egungo trenbide sarearen gaitasuna noiz agortuko den zehazteko, eta bestetik, AHTrentzat trenbide berriaren premia ba ote den argitzeko.

p016_f02.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Joan den abuztuan Ingurumen eta Garraio ministro Nathalie Kosciusko-Morizetek agindutakoa betez, atzo jarri zuten abian Tren Garraioaren Behatokia, hots, «Atlantiko aldean zirkulazioa eta mugaz gaindiko bilakaera ekonomikoa» zehaztu eta aztertuko duen egitura.

Akitaniako prefet Patrick Stefanini-k, Pirinio Atlantikoetako Departamenduko François-Xavieer Ceccaldi-k eta Akitaniako DREAL antolaketa zerbitzuko ordezkari Patrice Russacek aurkeztu zuten, ondorengoa xede nagusi izango duen egitura: egungo Lapurdiko trenbide sarearen gaitasuna noiz agortuko den eta, hortaz, Lapurdin AHTrentzat burdinbide berria behar ote den -eta noiz- zehaztea.

Behatokiak bidaiarien eta merkantzien joan-etorriak, bai Akize eta Hendaia artekoak bai Bidasoa zeharkatzen duten kamioi eta tren kopurua neurtuko ditu. Ez hori soilik; Donostiatik Irunerainoko zirkulazioa eta Mediterraneo aldean ere mugaz gaindiko trenen bilakaera kontuan hartuko dute. Halaber, itsas-garraioa eta Biarritzeko eta Hondarribiko aireportuetako aire zirkulazioa aztertuko dute.

Datu ekonomikoak

Horrez gain, bi estatuen, erregioen eta autonomia erkidegoen datu ekonomikoei so egingo diete; Stefaninik adierazi zuenez, «atal horrek berebiziko garrantzia izango duelako aurreikuspen ahalik eta zehatzenak finkatzeko orduan».

Behatokiak jarduera iraunkorra izango du, «GPSO-ren (Hego-Mendebaldeko Proiektu Handiak) egitasmoak gauzatzen doazen heinean, datuak eguneratzeko eta aurreikuspen zuzenenak eskuratzeko».

Egitura hiru elkargok osatuko dute. Batetik, bi estatuetako ordezkariak izango dira, besteak beste, Akitaniako eta Departamenduko prefetak, DREALeko ordezkariak, trenbide sarea kudeatzen duen RFF, Bilboko kontsul frantziarra, Espainiako Sustapen Ministerioa eta ADIF.

Bigarren elkargoa hautetsiek osatuko dute: Akitaniako Kontseilua, Departamenduko Kontseilu Nagusia, Hautetsien Kontseilua, trenbideak ukitutako hiru herri-elkargoak (Hego-Lapurdi, Errobi-Aturri eta Euskal Kosta-Aturri). Horiekin batera, Jean Grenet eta Michele Alliot-Marie diputatuak eta hiru senatariak arituko dira.

Behatokiaren hirugarren elkargoan, berriz, erakunde sozio-profesionalak eta elkarteak bilduko dira; esaterako, Baionako eta Gipuzkoako merkataritza ganberak, errepideetako garraio profesionalen erakundeak, erabiltzaileen eta bidaiarien federazioak, Garapen Kontseiluko presidentea eta CADE eta Baiona-Hendaiako linea berriak ukitutako biztanleen elkarteak.

Datu-bilketan lagunduko duten partaideak ere izango dira Behatokian (Estatistika Agentzia, Hirigintzako Agentzia, Frantziako Bankua...).

Gai katramilatua

Osoko bilerak hiruzpalau hilabeteko tartean egingo dira eta kontseilu zientifiko bat ere izango da, garraio eta ekonomia arloko adituen laguntza teknikoa izateko.

Akitaniako prefetak nabarmendu zuen Behatokiaren lanak «hain katramilatua dagoen AHTren gai honetan gardentasuna eta sosegua ekartzea» espero duela. «Zifretan eta aurreikuspenetan behin adostasunera iritsitakoan, azterketek Akize eta Gasteiz arteko zatiari buruz ikuspuntu eta diagnostiko komuna izatea ahalbidetuko dutelakoan nago», gaineratu zuen, beti ere, Behatokia datu-bilketa eta azterketarako gunea «eta ez proiektuei buruzko erabakigunea» dela gogorarazita.

Atzo egin zuten lehen bilkuran, hiru herri elkargoek igorritako galdeketari erantzun dietela jakinarazi zuen, bestalde, Stafininik.

DATU berriAk

Hendaiatik igarotzen diren merkantzien garraioari buruzko datu berriagoak (2010ekoak) urte hasieran izango dituztela adierazi zuen Russacek. Orain arte, Gobernua 2007koekin aritu da eta, krisi ekonomikoa dela medio, litekeena da aldaketa nabarmenak izatea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo