GARA > Idatzia > Euskal Herria

Korrikan presoen irudiak ateratzeagatik, Madrilera deklaratzera

Debagoieneko sei gaztek Auzitegi Nazional espainolera deklaratzera joateko zitazioa jaso dute, inputatu gisa, aurtengo Korrikan presoen argazkiekin korrika egiteagatik. Atzo Bergaran egin zuten agerraldian salatu zuten gisa honetako jarreren xede bakarra «iraganera» bueltatzea dela.

p016_f02_097x071.jpg

GARA | BERGARA

Debagoieneko sei gaztek -bergararrak bost, eta bestea arrasatearra- zitazioa jaso dute Auzitegi Nazional espainolean inputatuta deklaratzeko. Azken Korrikan presoen argazkiekin korrika egiteagatik «terrorismoa goratzeaz» akusatu dituzte, eta horregatik bi urteko kartzela zigorra jaso dezaketela salatu zuten atzo Bergarako Irizar jauregian egindako prentsaurrekoan.

Salaketa Ertzaintzak jarri zuela azaldu zuten, gazteen aurkako frogak Madrilgo Auzitegi Nazionalean aurkeztuz. Azaldu zutenez, «azaroaren 15ean Baltasar Garzonen ordezkoa den Pablo Ruz epaileak salaketa tramitera onartu eta guri zitazioaren berri emateko agindu zion Ertzaintzari». Ondorioz, pasa den asteburuan gazteen gurasoen bizilekuetara gerturatu eta gazteen bila zebiltzala azaldu zieten ertzainek gurasoei. Senideak beldurtzea besterik ez zutela lortu esan zuten, «beldurra, haserrea eta ezinegona» eraginez.

Ondorioz, Ertzaintza, Lakuako Barne Saila eta Madrilgo Auzitegi Nazionala jo zituzten arduradun nagusitzat, eta «iraganera» bueltatu nahi izana leporatu zieten, eta besteak beste, «errepresioa, zigorra eta sufrimendua» sortzen jarraitu nahi izana.

Euskal Herriak garai berriak bizi dituela nabarmendu zuten eta euskal herritar guztien eskubideak errespetatuak izatea nahi dutela, «baita preso politikoen eskubideak ere».

Hainbat ekimen martxan

Sei gazteei babesa emateko, datozen egunetarako hainbat ekimen jarri dituzte martxan Bergaran. Azaldu zutenez, «presoei elkartasuna» emateko ere izango dira ekimenak. Larunbatean, Mokolo Eguna izanik herrian, korrika saioa egingo dute 15 minutuz eta lekukoa herritarrek errelebuka eramango dute. Astelehenean, hilak 28, udalbatza egingo dute Bergarako udaletxean, gazteei elkartasuna adierazteko.

Gaur zortzi, gazteek Madrilen deklaratu beharko duten egunean, elkarretaratzea egingo dute herriko plazan. Prentsaurrekoan azaldu zutenez, herriko ikastetxeetan bi orduko geldialdia egingo dute, herritarrak eta langileen ordezkariak bertan egotea nahi dutelako.

Bestalde, astero legez, euskal preso politikoen eskubideak aldarrikatzeko mobilizazioak izan dira azken egunetan. Astelehenean, 36 lagun batu ziren Iurretan; Gernikan, 62; Bermeon, 25; San Pedro-Trintxerpen, 25; Ataunen, 25, Euban, 9; Otxarkoagan, 26; Zaldibarren, 15; Ordizian, 23; Abadiñon, 15; Zaldibian, 25; Sopelan, 25; Iruñeko Sarasate kalean, 138; Laudion, 65; Astigarragan, 20; Altzan, 27; eta Añorgan, 10.

Ekimenak

Datozen egunetan hainbat ekimen egingo dituzte Bergaran, gazteei babesa emateko. Larunbaterako korrika saio alaia antolatu dute, herritar guztiek parte hartzeko. Astelehenean, udalbatza egingo dute Bergarako udaletxean, eta asteazkenean elkarretaratzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo