GARA > Idatzia > Euskal Herria

Oihana Agirre «auzoan» nahi dutela aldarrikatu, eta babesa eskaini diote

Amnistiaren aldeko mugimenduko kide izateagatik urtebete preso eman ostean, orain, Gorenak zortzi urteko zigorra berretsi dio Oihana Agirreri eta edozein unetan atxilotu dezakete. Auzotar, lankide edo senideek agerraldia egin dute, «onartezina» dela esateko.

p012_f03.jpg

Ana ABARIZKETA | DONOSTIA

Oihana Agirreri babesa eskaini eta Donostiako Egia auzoan nahi dutela aldarrikatzeko agerraldia egin zuten lankide, auzotar, euskal preso ohi nahiz senideek atzo, Donostiako Doka kafe antzokian. Agerraldi jendetsua izan zen, eta Oihana Agirre bera ere prentsaurrekoan egon zen. Auzotar, lankide eta senideez gain, Etxerateko bozeramaile Mattin Troitiño eta Egin Dezagun Bidea ekimeneko Nagore Garcia ere mahaian izan ziren. Agirrek bizi duen egoeraren berri eman zuten hizlariek, eta euskal preso politikoen defentsan berak egindako militantzia lana azpimarratu.

Gogorarazi zutenez, Egiako auzotarra, amnistiaren aldeko mugimenduko kidea, presoen eskubideen aldeko manifestazio baten sustatzaile izateagatik atxilotu zuten 2007an. Urtebete kartzelan igaro ostean, zortzi urteko zigorra ezarri zion Auzitegi Nazional espainolak. Gorenak kondena berretsi berri du, eta beraz, Agirre edozein momentutan kartzelatu dezakete orain.

Egoera horren aurrean, auzotar, senide eta lankideen izenean hitz egin zuen Julen Etxeberria Aitor Ikastolako irakasleak. Agirrek, hainbat arlotan ekinez, auzoan izandako «inplikazioa» nabarmendu zuen Etxeberriak, eta bere «lan militantea» Euskal Herriaren aldeko mugimendu askok jaso dutela gaineratu zuen. «Hemen bildu garenok argi eta garbi daukagu herri honetan garesti ordaintzen dela militantzia, batez ere militantzia politikoa», ohartarazi zuen Aitor Ikastolako irakasleak.

Gorenak zortzi urteko kartzela zigorra berrestea «onartezina» dela salatu zuen berak, eta egoera honen harira auzoan antolatu dituzten ekimenen berri eman zuen. Horietako bat da, kondenarekiko desadostasuna agertuz Auzitegi Nazionalera salaketa postal masiboa egiteko martxan jarri duten ekimena.

Egun Euskal Herrian bizi den egoera «itxaropentsutzat» jo zuen, eta ondorioz, sententzia «are larriagoa» dela esan zuen, hain zuzen ere, Estatuen partetik «mendeku politika» honetan jarraitzeagatik, «eskubideen errespetuan oinarritutako bideari uko eginez».

«Injustua eta krudela»

Mattin Troitiñok Etxerat elkarteko bozeramaile bezala hitz egin zuen. Kondena «krudela eta injustua» dela adierazi zuen, eta «mendekuan eta errepresioan» besterik ez direla oinarritzen. «Pertsona bat bere ideiak adierazteagatik, bere balio eta sinesmenak aurrera eramateagatik zigortzea injustizia larria da».

Era berean, errepresio aroa betiko bukatu behar dela gaineratu zuen, eta denontzat «bakea, demokrazia eta askatasuna» lortzea beharrezkoa dela.

«Kondenak bukatu egin behar dira. Ez dira kartzelak euskaldunez betetzeko garaiak, kartzelak hustekoak baizik». Bide horretan lanean jarraitzeko mezua zabaldu zuen: «Herritarrok eta mota guztietako eragileok, preso eta iheslarien eskubideen alde, denak etxera ekartzea buruan izanik, eta kartzelara inor gehiago eraman ez dezaten sekula».

Oihana Agirrek, Euskal Herrian senide edo laguna preso duten pertsonen modura, bi Estatuek ezartzen duten kartzela politika eta dispertsioa zuzenean ezagutzen dituela azaldu zuen Troitiñok, kartzelan baitu neba.

Amaitzeko, deialdi zehatza zabaldu zuen, bihar, hileko azken ostirala izanik, Euskal Herriko herri eta auzoetan euskal preso politikoen eskubideen defentsan egingo diren ekimenetan parte hartzeko, presoen eskubideen aldeko lanak herritarren parte hartze «handia» behar duelako.

Etxerateko kideak azaldu zuen Oihana Agirrek bizi duen egoera «pisuzko arrazoi bat gehiago» dela mobilizazioetan parte hartzeko. Amaitzeko, oro har euskal preso politikoen kolektiboari ezartzen dizkioten neurri «krudel eta salbuespenekoak» betiko bukatzeko garaia badela aldarrikatu zuen.

mobilizazioak

Bihar, hileko azken ostirala, Euskal Herriko auzo eta herrietan presoen eskubideen defentsan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin zuen Mattin Troitiño Etxerateko kideak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo