GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Iñigo Lamarca Iturbe Arartekoa

Hipotekak, enbargoak eta etxebizitza izateko eskubidea

Ahaleginik handiena egin behar da etxebizitzatik botatzeko prozesuak jasan dituzten familien eta pertsonen etxebizitza izateko eskubide konstituzionala babesteko, inor kalean gera ez dadin

Zenbakiak ikaragarriak dira: egunero, Euskadiko sei edo zazpi familiak pairatzen dituzte beraien etxebizitzak utzarazteko prozesuak, etxebizitzak erosi zituztenean beren gain hartutako maileguei aurre egiterik ez daukatelako. Jasaten ari garen ekonomia eta finantza-krisialdi latz hau kalte egiten ari da, pertsona askoren kasuan, etxebizitza izateko Konstituzio eskubideari. Gainera, familia batentzat bere ohiko etxebizitza galtzeak dakartzan ondorio lazgarriei, batzuetan, beste zama bat ere gehitu behar zaio, bada etxea entregatuz beti ez da egindako zorra kitatzen.

Gure legerian indarrean dago Kode Zibilak azaltzen duen erantzukizun unibertsalaren printzipioa; horren arabera, mailegu baten zorduna bere oraingo eta geroko ondasun guztien bidez arduratzen da bere zorrak ordaintzeaz. Etxebizitza-erosle gehienek finantza-erakunde batetik lortzen duten hipoteka-kreditua berme-kontratua da; horrek zorpean jarritako ondasunak betebehar bat betetzera lotzen ditu zuzenean eta berehala, kontratua beteko dela ziurtatzeko. Gerta daiteke -eta egiaz hori izaten da ohikoena- hitzarmen-askatasunaren printzipioari jarraiki, bankuek eskaintzen duten hipoteka-maileguaren ereduko baldintzetan Hipoteka Legearen 105. artikuluko bermea sartuta egotea. Horrek esan nahi du zordunak maileguaren ordainketari erantzuten jarraituko duela bere oraingo eta geroko ondasun guztien bitartez, ez bakarrik hipotekatutako ondasunaren bitartez.

Hala ere, Hipoteka Legeak berak bermatzeko beste formula bat ere hartzen du aintzat, hipotekatutako ondasunari soilik mugatzen zaiona. Ideia horixe dago «ordainean ematea» deritzanaren azpian. Kasu horretan, zordunaren erantzukizuna nahiz hartzekodunaren ekintza, hipoteka-maileguaren arabera, hipotekatutako ondasunen zenbatekora mugatuta daude eta, beraz, ezingo dira iritsi zordunaren ondareko gainontzeko ondasunetara. Hipoteka legeriak, hortaz, bi baldintza mota horiek onartzen ditu: erantzukizun unibertsalerako hitzarmena, batetik, eta hipotekatutako ondasunera mugatutako berme-hitzarmena, bestetik, baina alderdien esku uzten du berme bat ala bestea hautatzeko erabakia. Alabaina, mailegu-kontratuak benetako atxikimendu-kontratuak dira eta mailegu-hartzaileari ez zaio ematen arestian aipatutako aukera hori, ezta horren berri ere. Orduan, krediturik gehientsuenak erantzukizun unibertsalaren irizpideari jarraiki sinatu dira eta hipoteka-kredituaren sinatzailea ez da ohartu zer-nolako ondorioak ekar liezazkiokeen kreditua ez ordaintzeak.

Horrela bada, hartzekodunak (normalki, bankuak) ordaintzen ez denean bermea betearazten badu, etxebizitza enkantean ateratzen da. Enkante horretan lortzen den prezioak markatzen du etxebizitzaren balioa eta balio hori merkatuko prezioa baino merkeagoa izaten da beti. Gainera, eskaintzailerik agertzen ez bada -hori sarritan gertatzen da-, hipoteka hartzekodunak ondasuna esleitu diezaioten eska dezake, tasazio-balioaren %60ko edo gehiagoko zenbatekoaren truke. Hau da, egungo ekonomia-egoeran, enkantean erdiesten diren zenbatekoak etxebizitza erosteagatik bere garaian ordaindu zen prezioa baino askoz merkeagoak izaten dira.

Hipoteka-kredituaren hileko kuotak ordaindu ezinagatik sortzen ari diren egoeren aurrean, herritar batzuek ordainean ematea eskatzen dute, alegia, etxebizitza entregatzean zorra kitatzea. Orain arte epaileek hartu dituzten erabakiak ez dira aho batezkoak izan, baina zenbait epai judizialetan ordainean ematea ezarri da, nahiz eta kontratuko baldintza erantzukizun unibertsala izan, honako arrazoibide hau erabiliz: krisialdi ekonomikoan osagai finantzario eztabaidaezina dago; osagai hori aintzat hartu beharra dago eta eragina izan du etxebizitza erositako garaian mailegua bermatzeko balio izan zuen eta egokitzat jo zen etxebizitzaren tasazio-balioan.

Gero eta pertsona gehiago etortzen dira Arartekora, larrituta, etxebizitza galdu dutelako eta bankuari oraindik diru-kopuru handia zor diotelako. Ezin dute ordaindu, lanik gabe geratu direlako edo bikotearekin harremana hautsi dutelako. Kexa-espediente bat irekitzerik ez daukagun arren, Euskadiko Herriaren Defentsa-erakundean ezin gara besoak gurutzatuta geratu bizimodu duina izateko eskubidearen eta etxebizitza izateko eskubidearen muinari eragiten dieten egoera izugarri horien aurrean.

Horregatik, herritarrekin hartu dugun erantzukizunean oinarrituta, gure ustez, lagundu egin behar dugu gizartean sortu den arazo larri horri aurpegi ematen, sortu diren egoerak arintzeko jarduerak eskatuz, baita sistemako hobekuntzak ere, herritarren eskubideak hobeto babesteko. Lehenbizikoari dagokionez, beharrezkoa iruditzen zaigu finantza-erakundeen eta kaltetutako pertsonen artean bitartekotza-mekanismoak eta bideak ezartzea, ordaintzeke dagoen zorra berriz finantzatzeko edo etxebizitza enkantean ateratzea eragozteko aukerak ahalbidetu daitezen; izan ere, enkantean atera- tzea izango litzateke ezarri beharreko azken aukera.

Horren haritik, oso ontzat jo behar dugu Justizia sailburuordeak egindako iragarpen hau: banku eta aurrezki-kutxekin bitartekotza-bidea bultzatuko da, hipoteka gauzatzeak, ahal den neurrian, ez ditzan eragin arestian aipaturiko ondorioak.

Bestalde, ahaleginik handiena egin behar da etxebizitzatik botatzeko prozesuak jasan dituzten familien eta pertsonen etxebizitza izateko eskubide konstituzionala babesteko, inor kalean gera ez dadin, «aterperik gabe».

Azkenik, hipotekatutako ondasuna oinarri-oinarrizkoa denean, ohiko etxebizitza kasu, Hipoteka Legea eta Prozedura Zibilaren Legea berritu egin behar dira, guk uste. Pertsona fisikoek ordaindu ezin duteneko prozeduretan, erantzukizun unibertsalaren printzipioa murrizteko asmoz legeria konkurtsala aldatzeak ere laguntzen du ordainean ematearen ideia garatzen; ez ditu arazo guztiak konpontzen, baina, gutxienez, familiei aukera ematen die iraganeko zorrik gabe etorkizunari aurre egiteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo