GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Ekonomia aldatu, klimagatik

Klima aldatzen omen dago. Klima aldatzen ari gara, eta berak jakin badaki; guk, esan bai, baina benetan sinesten ez dugula. Gu ohiko garapen bidetik temati ari izatea da horren seinale. Garapena edo. Euskara gizajoa! ulertzekoa da zure haserrea, zuretzat egutegian gorde duten egunean bertan ere, ez baita samurra izaten urtetan zuk zeure hitzei emandako esangura landua beste batzuek bortxatu izana. Horra, kasurako, garatu hitzari gertatua. Tira, harira! Dudazko asko dira bihar-etziko klimaren nondik norakoa iragartzera ausartzen garenean. Pilo bat, izan ere. Zenbat dudazko? batek zioen moduan, euskararentzat hamaikatik aurrera dena da, berez, asko. Eta klimaren kontuan hamaikako muga pasatua dugu. Hortaz, askoz ere zehatzagoa da iragartzea hemendik hilabete ez askora ETBko eguraldi-mapak izango dituen mugak. Nafarroan, berriz ere, euriak eta ostarteak jasoko dituen mapa bildua.

Mende honen zeharreko klimak Pirinioen bazter kantabriar honetan izan ditzakeen eszenatoki desberdinez interesa erakusten duten administrazioek zehaztasuna nahi izaten dute: noiz-non-zer. Baina lanak itotako amamaren bizitzaren zertarakoaz euskal poetak zeuzkan zalantzazkoekin bat eginda, administrazioon zehaztasun hori zertarako nahi duten ni neu ere jakitera iritsi gabea naiz, aurrekontuetan ez baitu horrek eraginik izaten. Zehaztasunen eske «modeloak» jainko hartzen dituzte, holakoetan, behintzat, jainkoa bera bazter uzten dutela, fede falta edo. Modelo gizajoak, gaurkoa ondo ulertzera iritsi gabe, bihar-etzikoa ulertzeko gai izango bailiren. Bai zera!. Zer modelo eta modelo-oste!. Ekonomia bera ere da aldatzen ari, dira aldatzen ari. Ekonomia aldaketa. Eta honetan kontua ez da mende erdiko klima nola edo hala iragartzea, ez horixe, kontua biharko, astelehena dugula, hen-hemengo burtsaren erantzuna iragartzea da. Eta ezin, ezta hurrik eman ere. Non dira kasu honetan «modeloak»? Non modelizatzaileak?. Zelan demontre epe luzera begirako klima zehaztasunak eskuan izan nahi biharamuneko ekonomia egoera jakiterik ez dutenean?. Klima epe luzeko gauza konplexua da, baina klimatologoen esku ez dena. Ekonomia epe motzeko konplexua da, baina ekonomilarien esku dago. Bada alderik. Izan gaitezen eredu, bultzatu dezagun ekonomia aldaketa, klima aldaketara egokitzeko modurik egokiena baita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo