GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bai Euskal Herriari-k lan ildo berriak ireki eta bere burua gaurkotu du

Hamaika urteko ibilbidearen ostean, naziotasunari buruzko ikuspegi berria zabaltzeko konpromisoa hartu du Bai Euskal Herriari ekimenak. Horretarako, bere estrategia gaurkotu eta lan ildo berriak finkatu ditu Tolosan egindako batzar nazionalean.

p020_f02.jpg

Oihana LLORENTE |

Bai Euskal Herriari herri ekimenak bere estrategia gaurkotu eta helburu eta funtzioak eguneratu ditu. Joan den asteburuan Tolosan egindako batzar nazionalean gauzatu zuten berrikuntza ariketa, eta orain, naziotasun eskubidearen gaineko gogoetak praktikan jartzeko unea iritsi zaie.

Ekimeneko koordinatzailea da Naroa Geresta eta pozik agertu da batzarrarekin; horrekin, «luzea eta bizia» izan den eztabaida bati amaiera jarri diotela adierazi du.

Naziotasunari buruzko «ikuspegi berria» zabaldu nahi du hamaika urteko ibilbidea duen herri ekimenak, eta esparru anitz hartuko dituzte aintzat bide horretan. Hala nola nazio identitatea eta nortasun ikurren esparrua, migrazioa, kirola, egutegi propioa, hizkuntza edota hezkuntza sistema moduko esparruak.

Horiek dira Tolosan egindako batzarrean zerrendatutako lehentasunezko esparruak, haatik, Gerestak nabarmendu moduan, «asko eta askotarikoak izan daitezke naziotasunarekin harremana izan dezaketen lan lerroak eta guk ez ditugu ateak ixten».

Helburua eta funtzioak gaurkotuta, herriz herri egin beharreko lanean jarriko dute orain arreta; izan ere, jendartea antolatzea eta aktibatzea izango dute helburu nagusia datozen hilabeteetan; «orain gure ildoak Euskal Herri osoan zehar zabaldu nahi ditugu», argitu du Gerestak.

Hamaika urte

Euskal Herriaren eskubide zibil eta politikoen aldeko herri ekimen gisa sortu zen Bai Euskal Herriari 2000. urtean. Euskal Herriaren eta euskal herritarron nazio eskubideen inguruan sakondu du bere jarduna. Gaur-gaurkoz, Naroa Gerestak aitortu moduan, Euskal Herriaren nazio izatea aldarrikatu eta euskal herritarron nazio eskubideak errespetatuak izatean jarriko dute indarra.

«Aldarrikapenetik eskubide hauek praktikan errespetatuak izateko bidea egiteko, indarrak bildu eta egitasmoak antolatzean datza gure lana. Euskal Herriaren nazio izatea aldarrikatu, irudikatu eta sustatzean datza gure funtzio nagusia. Horretarako, nazio gisa ikusi, pentsatu eta haritzea dagokigu», laburbildu du Naroa Gerestak, herri ekimeneko koordinatzaileak.

Lan ildoak

Nazio identitatea eta nortasun ikurren esparrua, migrazioa, kirola, egutegi propioa, hizkuntza edota hezkuntza sistema dira Bai Euskal Herriari ekimenaren ildoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo