ABk hamar urteko zatiketa gainditzearen alde egin du
A.B. |
Abertzaleen Batasunak urteko biltzar nagusia egin zuen atzo Uztaritzen. Hamar urteko zatiketa gainditzea eta hauteskundeei begirako estrategia izan zituzten aztergai nagusiak. Eztabaidatu zituzten bi mozioen artean, ezker abertzalearen berrantolaketa bultzatzearen aldekoa onartu zuen batzarrak. «Azken hilabeteotan gertaturiko berritasunen heinaren» araberako erabakia hartu dutela nabarmendu zuen Peio Etcheverry-Aintchart idazkaritzako kide berriak. ETAren su-etena ez ezik, «bereziki asimetria kontuan hartuz», ezker abertzale ofizialaren aldaketa estrategikoa, eta Bildu edo Amaiur fenomenoak aipatu zituen bereziki. «Dinamika horretan kokatu da erabakia. Hamar urteko zatiketa gainditzen hasteko garaia dela agerian utzi da», argitu zuen.
Euskal Herria Bai-ren alde
Hauteskunde estrategiari begira, balizko Euskal Herria Bai koalizioa bermatzea lehenetsi zuten atzo. Eta datozen hilei begira erronka herri hauteskundeetan jarri zuen Etcheverry-Aintchartek. Horiek «gaurdanik prestatzen hasi» behar direla esan zuen. EHBAI oinarrizko formula izango bada ere, atzoko batzarrean aliantza zabalagoak egiteko asmoa ere azaleratu zela nabarmendu zuen, eta inor baztertu gabe, abertzale guztien artean, hauteskunde estrategiari buruzko hausnarketa egin beharko dela esan zuen azkenik.