GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ordu Berdea antolatu dute Durangon, abenduaren 6an protesta egiteko

GARA |

Independentistak Sareak dei egin du abenduaren 6an Durangon 12.30etik 13.30era egingo duten Ordu Berdea ekimenean parte hartzera. Hitzordua Durangoko Azokaren barrutiaren ondoko plazan jarri dute, eta berdez jantzita joateko eskatu dute.

«Abenduaren 6an gure herriari inposatzen zaion jaiegun espainiar baten aurrean gaude berriro. Euskal Herriak demokraziarako, bere etorkizuna erabakitzeko eta independentziarako duen eskubidea urratzen duen konstituzio arrotza ospatzera behartzen gaituzte. Gure herriaren gehiengoaren borondatearen aurka era antidemokratikoan inposatutako konstituzio espainiarra», nabarmendu zuten Independentistak sareko kideek atzo Durangon.

Inposizio horri aurre egiteko, beste behin ere «argi berdea independentziari» aldarrikatuz erantzuteko eskatu du sareak.

«Ordu berde independentistak kultura, musika, bertsolaritza, literatura, sukaldaritza, dantza... eta gainetiko esparruetako lagunen ekarpenak izango ditu», jakinarazi zuten. «Gure kultura eta hizkuntzarentzat hain garrantzitsuak diren egun hauetan, Euskal Herrian ditugun sormen eremu guztiak independentziaren aldeko borrokan inplikatzera deitzen ditugu. Independentzia da gure herriaren kultura eta identitatearen garapen aske, ireki eta anitzerako aukerarik onena, inongo inposaketa, kolonizazio, menpekotasun eta pertsekuziorik gabe», gaineratu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo