Benito Lertxundik Nabarralde saria jaso du, euskal kulturan egindako ekarpenari esker
GARA | ZIORDIA
Nafarroako Ziordia herriko udaletxean Benito Lertxundi abeslariari Nabarralde saria eman zioten atzo, euskal kulturan eta herriko musika ondarearen errekuperatze lanetan egin duen ekarpena eskertzeko asmoarekin. Ziordian egin zuten sari banaketa, eta ekitaldian gogoan izan zuten datorren urtean beteko dela Nafarroako konkistaren bosgarren mendeurrena.
Lertxundik eskerrak eman zituen berari egindako omenaldiagatik. Nabarmendu nahi izan zioten jende askok eskertzen diola bere musikarekin emandako guztia, baina Lertxundik azaldu zuen bera dagoela zorretan bere ikus-entzuleekin, hainbeste urtetako bidean berarekin joan izateagatik. Ideia horri jarraiki, Nabarraldek gaineratu zuenez, Lertxundik saritu ditu beraiek, saria onartu duen unetik.
Ekitaldian Sakanako (Ziordiko, Altsasuko, Arbizuko, Urdiaingo edota Olaztiko) ordezkariak izan ziren, baita kultura eta beste alor batzuetako ordezkariak ere; hala nola Asisko Urmeneta eta Olatz Zugasti.
Horiek guztiek bere egin zuten ekitaldian irakurritako adierazpena. Testuak dioenez, «erakunde ofizialek [...] historia desitxuratu eta memoria historikoa manipulatu dute, konkista gerra hura isilarazi eta itunaren eta nafarren borondatezko bat egitearen ideia zabaltzeko asmoz. Bortxazko kolonizazio hari duintasun plantak eman nahi izan dizkiote, Espainiaren sorreraren giltzarri gisa aurkeztuz, eta ekintza gogoangarri eta beharrezkoa izan zela sinestarazi nahi digute. Baina Nafarroa aske zen Gaztela historian agertu baino askoz lehenago».
Adierazpena osorik www.nabarralde.com webgunean dago, eta norberak atxikimendua emateko aukera ere badago.