«Azokaren etorkizuna elkarlanean dago»
Jon IRAZABAl - AZOKAKO ARDURADUNA
Jon Irazabal (Iurreta, 1960) Gerediagako kideak hiru hamarkada daramatza Azokarekin lotutako jardunean, azkenak bertako arduradun nagusi bezala. Eta etorkizunean ere Durangoko Azokari lotuta ikusten du bere burua, gaur abiatuko dena zuzendari lanean biziko duen azken ekitaldia izango den arren. «Azoka osasuntsu dago?» itaundu diogu. Hona bere erantzuna.
A. BILBAO | DURANGO
Gaur hasi eta abenduaren 8an, ostegunarekin, bukatuko da Azoka gehienontzako. Bertako arduradun nagusiak berriz, urte osoko jarduna du Durangoko Azoka, orain hiru hamarkada Gerediaga elkartean lanean hasi geroztik. Etorkizunean ere Azokari lotuta jarraituko badu ere, arduradun nagusi legez azkena du Irazabalek aurtengo Azoka.
Azokako arduradun nagusiak azken urtea du honakoa.
1982tik dihardut Azokan lanean, eta orain hogei bat urte hartu nuen, oso modu naturalean, ardura nagusia, zuzendari hitz potoloa iruditzen zait eta. 30 urte igaro ostean Azoka zurea dela pentsatzen duzu momentu batean; eta ez, Gerediagarena eta Euskal Herriarena da. Neurri batean gauza naturala izan behar da transmisio bat egin eta hurrengo belaunaldiek ardura hartzea. Orain lau bat urte agertu nuen aldaketa egiteko asmoa.
Hiru hamarkadaren ostean, horren falta hartuko duzu gero.
Azokarekin lotura izaten jarraituko dut, ez dut asmorik alde egiteko. Gerediagan jarraitzen dut lanean eta aholkularia izango naiz. Guk 80ko hamarkadan hartu genuen azoka haur edo gazte bat zen ia-ia, eta pertsona nagusia da gaur, beste beharrizan batzuk dituena. Pauso bat eman beharra zegoen; eta agur bat egitea beti gogorra bada ere... aurrera!
Ba al dakizue lekukoa nork hartuko dizun?
Abenduaren 8an emango dugu ezagutzera zein den aukeratua, nire ustez oso egokia. Baina planteamendu berrian, Aitziber Torresagasti, Gerediaga elkarteko kudeatzaileak arlo ekonomikoaz arduratuko da, nik jarraituko dut arlo teknikoan eta arduradun berriak koordinatzaile orokorraren funtzioa izango du. Baso honek hainbeste arbola ditu, eta guztiak zaintzen baina basoari so egon behar du pertsona batek. Gaur eguneko munduan, lan taldea da etorkizuneko oinarria.
Andra Mari elizapeko Azoka ezagutu zenuen.
Andra Mari elizatik Azoka Plazara jo zuen Azokak 70eko hamarkadan, jada oinarri minimo batzuk finkatuta. Franco hil eta gero krisialdi bat egon zen, eta Azokarekin jarraitu ez jarraitu eztabaida sortu zen, nork hartu beharko lukeen bere gain. Guk Azokaren ardura hartu genuenerako hamasei bat urteko esperientzia bazegoen eta egungo Azoka garai hartako lanaren ondorio da. Izan ere, Gerediagak izan duen gauzarik onena belaunaldi batetik besterako transmisioa berez egitea da.
Eta Landako sortzen ikusi.
Espazio gehiagoren beharrizana genuen, eta ausardia izan genuen Udalari esateko: «(karpa bat hartu eta)... kalera goaz» -kontuan hartu Azoka motor ekonomiko ere badela herriarentzat-. Eraikuntza propioa ere eskatu genuen, ez Gerediaga edo Azokarentzat, Durangorentzat baino. Eta Udalak esan zuen: «Konforme». Eta gaur egun Durangoko Azoka, gure ustez, Europako eta munduko edozein nazioren aurrean, lehen mailako legez aurkezteko moduko azoka da: itxuragatik, jendearen erantzunagatik, balio kulturalagatik eta motor ekonomiko legez. Eta kultur topaleku izan behar du, nazioarteko ere izan daitekeena.
Azoka osasuntsu al dago?
Osasun handia du, etorkizunean ez du izango arazorik. Egun inguruko jendea eztabaida baten barnean dago, XXI. mendeko Azokak zelakoa behar duen, epe ertainera zein helburu bete behar duen, zein bide jorratu. Plan Estrategikoa egiteko argitaletxe, diskoetxe, erakunde, kultur elkarte eta herri mugimenduetako lagunen iritziak jaso ditugu, elkarrizketa bidez, dokumentu bat atera eta eztabaidatzeko. 2012an bukatu nahi dugu estrategia plan hori, neurri batean Azokaren etorkizuneko ardatzak jarriko dituena. Eta argi dugu oinarriak bi izan behar direla: bat, Gerediaga elkartearen posibilitatearen araberakoa izan behar da -Durangon New York bat sortzeak ez du ezertarako balio- eta bi, argi izatea euskaldunak garela eta Euskal Herrian gaudela. Helburu bihotzekoak, baina baita burukoak ere. Azokak 46 urte iraun badu errealismo baten barruan bizi izan garelako da. Ez gabiltza 100 metroko karreran, hau maratoi bat da.
Plan Estrategikoa, zergatik orain?
XXI. mendearen hasiera honetan, ikusten dugu gure inguruan liburuak eta diskoak kulturaren transmisiorako tresna direla. Ez dira helburuak, disko eta liburuak tresnak dira, eta barruan gordetzen dutena da helburua. Eta ikusten dugu bide berriak zabaltzen ari direla, kulturak eta baliabide tekniko berriek dakarten abiadura ez da orain dela hogei urtekoa. Gaur egun, urtetik urtera gauzak aldatzen dira, eta gure onerako erabiltzeko gai izan behar dugu; kapazak izan behar gara ezaupide horiek erabili eta jende gaztea Durangoko Azokara erakartzeko, orain dela 46 urte 20 urte zituena erretiratu da-eta. Gauza bizi bat izan behar du Azokak.
Bizirik dagoen seinale, aurten lehenengoz Irudienea, Kabi@ eta Szenatokia izango dira Ahotseneaz gain.
Oso pozik gaude Ahotsenearen arrakastarekin. Gu saiatu ginen orain urte batzuk sortzaileentzako gune bat sortzen, eta ez zen izan posible, politika erratu batean ibili ginen garai hartan. Eta orain barrutik atera da ekimena, sortzaile batzuek jakin dute asmatzen, eta benetan pozgarria izan da; gure helburua bete dute. Horren ondorioz ikusi dugu beste arlo batzuetan ere zabaldu behar zitzaizkiela euskarazko sortzaileei espazioak, Durango den topaleku erraldoi horretan izan dezaten beren lanak agertu eta ezagutzera emateko tokia. Antzerkira edo zinemara urtean zehar ez doan jendeari beste esparru batzuk ezagutzera eman, sortzen diren sinergiak baliatuta. Horretarako, laguntza eskatu diegu EHAZEri, Topaguneari... elkarlanean Szenatoki, Kabi@ eta Irudienea zabaltzeko. Elkarlan horren ondorioa izango da Durangoko Azokaren etorkizuna.
Etorkizuna aipatu duzunez, zertan ikusten duzu zuk zeure burua bihar?
Nire ametsa da Gerediaga barruan beste kontu batzuei ere lan gehiago eskaintzea: ondare historikoaren arloan, esaterako.
Ardura parte handi bat gainetik kenduta, espero dut horretarako astia izatea.