Los firmantes de Gernika exigen el fin de los ataques
Eleak mugimenduak Donostiako epaitegi inguruetan irudikatutako herri harresiak Oihana Agirreren atxiloketa salatu eta haren askatasuna galdegin zuen. Dozenaka lagun elkartu ziren, eskutik hartuta, eskubide zibil eta politikoen alde. Epaiketa politikoen amaiera eta era honetako auziengatik preso daudenen kaleratzea exijitu zuten Donostian. Bien bitartean, Iruñean, Josu Esparzaren askatasunaren aldeko eserialdia egin zuten Udaletxe plazan.
O. LLORENTE- M. DIAZ
Justizia jauregia deritzon eraikina inguratu eta Oihana Agirrerentzat «hizki larriz idatzitako Justizia» galdegin zuen atzo Eleak ekimenak Donostian irudikatutako herri harresiaren bidez.
Polizia espainolak bezperan atxilotu zuen Agirre, Auzitegi Gorenak Auzitegi nazional espainolak ezarritako zortzi urteko epaia berretsi ondoren. Amnistiaren aldeko mugimenduko kidea da donostiarra, eta Askatasunako militantea izatea egotzita ezarri diote zigorra.
Edozein unetan atxilotzeko arriskua zuen arren, Agirrek berak eman zuen asteartean atzoko mobilizazioaren berri. Bere aurkako auzia eta beste 110 gipuzkoarrena salatzeko asmoa zuen ekimenak, eta hortaz, bere atxiloketaren salaketak oihartzun zabala eduki zuen.
Joareen zalapartaren aitzinean elkarri eskua emanda desfilatu zuten herritarrek atzo, «Erabakitzeko eskubidea» eta «Euskal Herria libre eta legala. Zigorrik ez» zioten pankarten atzean. Herri harresiak Justizia jauregia mendean hartu ondoren, hiru eskaera egin zituen Joxean Agirre Eleak-eko kideak: Auzitegi Nazional espainola eta Auzitegi Goreneko areto bereziak ixteko; martxan dauden epaiketa eta prozesu politiko guztiak eteteko, eta era honetako auziengatik egun espetxean dauden herritarrak kaleratzeko.
Horiexek izan ziren atzo Eleak mugimenduak egindako eskariak eta horiek egikaritzeko herri harresi sendo bat artikulatzera deitu zuen euskal jendartea.
Gernikako Akordioa sinatu zuten eragileek ere gogor salatu zuten Oihana Agirreren atxiloketa. Prentsa ohar baten bidez agertu zuten haserrea, eta «eskubide politikoen aurkako eraso larri» gisa hartu zuten.
«Bake bidean aterabide demokratikoa» akordioko lehen sinatzaileen artean zegoen Agirre, berak izenpetu zuen-eta amnistiaren aldeko mugimenduaren konpromisoa. Oharrean hori nabarmendu, eta Agirrek «akordioak jasotzen dituen printzipioekiko eta marrazturiko bide orriarekiko konpromiso osoa» erakutsi duela ekarri dute gogora. Horren adibide, gainera, Agirrek Aieteko Konferentzian zuzenean parte hartu zuela nabarmentzen du oharrak.
Iruñean, Esparzaren alde
Bestalde, Josu Esparzaren askatasunaren aldeko eserialdia egin zuten atzo arratsaldean Iruñeko Udaletxe Plazan, Eleak mugimenduak deituta. Esparza bere jarduera politikoagatik, amnistiaren aldeko mugimenduan eginiko lanagatik atxilotu nahi dutela gogorarazi, eta eskubide zibilen aurkako erasoa dela nabarmendu zuten. Eserialdia egin bitartean, bertaratutakoen autoinkulpazioak jaso zituzten.
Esparzak Nafarroan urteetan egin duen lana erabat agerikoa izan dela nabarmentzen da autoinkulpazio orriotan. Horrez gain, hilaren 10ean Baionan egingo den manifestaziora joateko deia egin zuten.
Eleak-ena ez da Agirreren atxiloketa salatu duen mobilizazio bakarra. Eguerdian, Egiako bizilagunek manifestazioa egin zuten auzoan barrena; eta biharko, elkarretaratzea antolatu dute Agirreren lankideek, 16.45ean Tabakalera aurrean.