GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

txomin catalogne, xabina lerissa | Segiko eta Euskaldun Gazteriako kideak, hurrenez hurren

Abenduaren 10ean, gazteak karrikara!

Euskal Herriak garai politiko berri bat bizi du. Euskal Herritar anitzi esker gatazkaren behin betiko konponbidea erreala bihurtzen ari da. Apustu zintzo horren aitzinean, nazioarteko pertsonalitate ezagun franko agertu ziren Donostiako Konferentzian, Euskal Herriak bizi duen gatazka, maila internazionalera pasaz. Urriaren 17ko egun hartan, Euskal Herriak behar duen bake iraunkor eta justua lortzeko bide-orri bat proposatu zuten. Hiru egun berantago, ETA erakunde armatuak bide-orriaren lehen puntuari baikorki erantzunez, jarduera armatua behin betiko gelditzen zuela adierazi zuen. Aieteko Konferentziaren bigarren puntuak dioen bezala, frantziar eta espainiar estatuek zentzu berean doan urrats bat egin behar dute orain. Ausardia eskasaz segur aski, estatuek hitzak baizik ez dituzte bota, eta zer nolako hitzak!

Aspalditik ezagutzen dugun politika errepresiboarekin segituko dutela. Txarrago oraindik, frantses Estatuak espainiar agintarien manuetara konformatuko zela erran zuen, beti ere gatazkan duen parte hartze zuzena ukatzeko eta bere erantzukizuna espainiar gobernuen gain uzteko. Baina tematze horrek ezin du iraun. Denen ardura denez aterabide justu baten atzematea, argi da frantziar Estatuak ere zuzenki parte hartu beharko duela desafio horretan. Horregatik, guri izanen da Frantzia mugiaraztea, orain arteko bere politika koldar hori alda dezan.

Parean dugun ariketa ez da erraza. Hala nola, gaur aldarrikatzen dugun aterabide demokratikoa lema bat baino gehiago da, horren emaitza delako biharko bakea izanen. Gaur eta hemen dugu hasi behar bake hori eraikitzen. Guri da, hurrengo belaunaldiei demokrazia erreal bat transmititzea.

Prozesu luze horretan, gazteen parte hartzea ezinbestekoa da, sortzen den giro berrian gure hitza entzunarazteko. Guri dagokigu mugimendu indartsu bat ukaiteko aukerak sortzea, ez dezaten biharko Euskal Herriaz eztabaidatu gazteen hitza kontutan hartu gabe. Ezin dugu desafio hau bakarrik aditu batzuen esku utzi, zilegitasun osoa dugu gure iritzia plazaratzeko.

Azken urte hauetan gure belaunaldiak errepresio handia bizi izan du: gazteen atxiloketak, euroaginduak, laborari gazteen kriminalizazioa... hauek guztiek frogatzen dute Euskal Herrian gatazka bat bizi dugula.

Horrelako egoerak ez ditugu gehiago bizi behar. Panorama politiko berri bat behar du euskal gazteriak. Baina horretarako, arazoaren ondorioak baino gehiago, arazoaren jatorriari dugu denek aterabide bat atzeman behar. Aterabidearen gakoa hitza da, gazteena barne!

Abenduaren 10ean gazteak Baionara! Aterabide demokratikoa orain!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo