Mota eta kolore anitzeko atxikimenduak
Heldu den igandean gatazka politikoaren aterabide demokratikoak hitzordua du Baionan. Estatu frantsesak, Aieteko Adierazpenaren ondoren, adierazpen epelak egin zituen, eta beste horrenbeste ETAk jardun armatuari amaiera emateko erabakia jakinarazi zuenean, Euskal Herriak bizi duen tenore berriak bera hunkituko ez balu bezala. Alabaina, bada mugiarazteko ahaleginak egiteko prest dagoenik. Eta ez dira gutxi. Izan ere, hainbat hautetsik ere deitu duten martxarekin eragile anitzek bat egin du: alderdi politikoek, tartean atzo bere atxikimendua agertu zuen departamenduko Alderdi Sozialistak, sindikatuek eta mota eta kolore guztietako elkarteek. Normalizazio eta bake prozesuak beharrezkoak ditu atxikimendu horiek guztiak eta gehiago, euskal gizarteak eskatzen duen norabidean, merezi duen agertoki berria finkatze aldera. Arras garrantzitsua da, hortaz, lorturiko sostengua, igandean Baionan bistaratuko dena. Hautetsiek Aieteko Adierazpenarekiko atxikimendua berretsi zuten beren agirian; halaber, ETA erakundeak adierazpenari modu egokian erantzun ziola onarturik, estatuek mugitzeko tenorea dela erran zuten, eta baitezpadako mugimendu horiek zehatz-mehatz azaldu zituzten, espetxe politikari, eskubide politikoei, errepresioaren bukaerari eta eta biktimen adiskidantzari lotuak. Igandean ere, herritarrak protagonista nagusi.