GARA > Idatzia > Euskal Herria

Errioxako Gobernua auzitara eraman lezaketela esan du Jokin Villanuevak

p014_f01.jpg

GARA |

Arabako Errioxako Kuadrillako presidente Jokin Villanuevak atzo baieztatu zuenez, baliteke Errioxako Gobernua auzitara eramateko erabakia hartzea, bertako osasun zerbitzuak Arabako Errioxako gaixoak ez artatzeagatik eragindako «kalteengatik».

RNEri emandako eta Europa Pressek jasotako elkarrizketa batean, Villanuevak adierazi zuen «kaltea eginda» dagoela, eta oraingo behin-behineko akordioak ez duela hori aldatuko. «Kaltea eragin dute eta, beraz, erantzukizuna norbaitek hartu beharko du. Ez dugu bide hori ixteko asmorik -ohartarazi zuen-; ez dugu ezer gertatu izan ez balitz bezala jokatuko».

Egoera argitze aldera, beharrezkoak diren txostenak eskatuko dituzte eta, horien emaitzen arabera, erabakiko dute auzitara joko duten ala ez. Hala eta guztiz ere, urrats hori gaia aztertu ostean eta «lasaitasunez» egingo dutela jakinarazi zuten. Azterketen emaitzak jaso ostean, gainerako kuadrilletako alkateekin biltzeko asmoa du, zein erreklamazio egingo dituzten erabakitzeko.

Ez dabiltza, Villanuevaren hitzetan, «mendeku» gogoak bultzatuta. Helburua, «egoera ez hemen, ezta beste inon ere ez errepikatzea» da, eta bizilagunak xantaia egiteko ez erabiltzea.

Bestalde, pozik agertu zen Errioxak eta Lakuak asteazkenean Logroñon adostutako behin-behineko akordioagatik, «egoera desblokeatu delako». Dena dela, hitzarmen hori «berandu» heldu dela iritzi zion eta, gainera, «iraungitze data» duela erantsi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo