Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka
Aiert Goenagak hartuko du Azoka eraberritzeko testigua
Bukatu da 46. Durangoko Azoka eta, krisiak krisi, balorazio positiboa egin dute bai Gerediaga elkarteak bai argitaletxe eta diskoetxe gehienek ere. Asteazken gauerako 105.000 bisitari zenbatu zituzten eta atzo ere jende-oldea gerturatu zen. Orain, etorkizunera begira jarri da Gerediaga, Azokaren eraberritzea diseinatzeko asmoz. Garai berriei ekiteko, aurpegi aldaketa ere izango da. Aiert Goenagak hartuko du Jon Irazabalek 30 urteren ostean utzitako zuzendari testigua.
Ane ARRUTI | DURANGO
Jon Irazabalek Durangoko Disko eta Liburu Azokaren zuzendari kargua hartu zuen urtean jaio zen Aiert Goenaga Ondarroan. Hiru hamarkadaren ondoren, etorkizunera begira jartzeko ordua iritsi dela adierazi zuen Irazabalek eta, lau urte inguru aldaketa eske egon eta gero, azkenean iritsi zaio erreleboa. Orain arte lan taldean aritu den Goenaga izango da hemendik aurrera talde horren ordezkari berria.
Atzo, balorazioaren berri emateko egindako prentsaurrekoan azaldu zuenez, «poza» sentitzen du, baina baita «ardura» ere; «denok dakigu Durangoko Azokak zer nolako dimentsioa duen, euskal kulturgintzan zer indar eta garrantzia duen eta horrek eskatzen du bere ardura. Motibazio handiko erronka bat da», gaineratu zuen, «baina tentuz, jakinik non nagoen, akats batek Azoka nora eraman dezakeen jakinda».
Nerea Mujikak, Gerediaga elkarteko presidenteak, urte hauetan guztietan egindako lana eskertu nahi izan zion Jon Irazabali. «Gerediaga eta Jon, Jon eta Gerediaga bat dira», esan zion hunkituta, eta urte hauetako argazkiekin osatutako bideoa ikusi ondoren, opari bat eskaini nahi izan zion elkartearen izenean, eBook edo liburu elektroniko bat, hain zuzen. «Liburu berrien artean jarraituko du», esan zuen. Irazabalek elkartean jarraituko du lanean eta Goenagari behar duen guztian laguntzeko prestutasuna agertu zuen atzo.
Ez da, ordea, datozen urteetara begira egingo den aldaketa bakarra. Izan ere, elkartea Azokak zer nolakoa izan behar duen zehazteko plan estrategikoaren diseinuan dabil buru-belarri. Oraindik zehazteke dagoen arren, dagoeneko iragarri dute arlokako zuzendaritzak definituko dituztela, arlokako lantaldeak sortu eta lanean hasteko. Atal horien koordinatzaile eta zuzendari lana izango da, beraz, Goenagarena.
Bestalde, orain arte disko eta liburuen Azoka izan denak, garai berriei egokitzeko lanetan, azken edizioetan hartu duen joeraren inguruan hausnartu nahi du elkarteak. «Badakigu Azokak beste norabide bat hartu behar duela, orain arte gure esentzia diskoak eta liburuak izan dira, baina badakigu etorkizunean ere, diskoek eta liburuek beste formatu batzuk bilatu beharko dituztela. Zerbait garatzen den heinean, Durangoko Azokak ere garatu beharko du. Horren harira erabaki dugu formatu berriek gurean plaza bat izatea. Gure apustua hortik doa», esan zuen Goenagak eta, zentzu horretan, Durango «euskal kultur sorkuntzaren topaleku izatea» espero dutela aitortu zuen. Mujikak gaineratu zuenez, «Gerediaga elkartea akuilu dela, elkarte eta erakundeen arteko elkarlanean oinarritutako kulturgintzaren jai handia izateko lan egingo da. Kulturgintza arloko euskarazko sormen lanen plaza izateko bidea egingo du Gerediagak eta merkatua eta jaia bateragarri eta osagarri egingo ditu».
Egun gorabeheratsuak
Kezka apur batekin etorri ziren abenduaren 4an saltzaileak nahiz Gerediaga elkartekoak Azokara. Igandean hasita «data arraroak» zirela aitortu zuten; «durangologo»-ek ez zuten garbi ikusten zein izango ote zen egun indartsuena, eta egun batetik bestera alde nabarmena nabaritu da jende kopuruan Azokako kaleetan barrena. Jon Irazabalen esanetan, «jendeak erantzun dio sortzaileen eta kultur adierazpen ezberdinetako eskaintzari».
Igandea eta astelehena nahiko pattal hasi baziren ere, asteartean ez zen batere erraza izan saltokietako erakusmahaietan lekua hartzea edo hiruzpalau pauso gelditu gabe jarraian egitea. Asteazkenean berriro lasaitu zen giroa eta atzo, azken egunean, jende mordoa bildu zen berriro ere. Bisitariak zenbatzeko aurten kamera termikoak jarri dituzte Landako guneko sarreretan. Lehenengo lau egunetan -eta haurrak zenbatzen ez dituela kontuan hartuta- 105.000 bisita zenbatu dira; horietatik 40.000 abenduaren 6an izan ziren. Teknologia berrien garaiotan, bisitari birtualak ere ekarri zituzten mahai gainera. Azokaren web orrialdeak 23.300 erabiltzaile bakar izan ditu eta telefono mugikorretatik egin dira bisiten %7.
Gunez guneko balorazioa ere positiboa izan da orokorrean, salbuespenen bat egon bada ere. Ñabardura bakar hori Plateruenan egin zuten. «Egutegi gorabeheratsuari ondo eutsi dio eta aurreikuspenak neurri handi batean bete egin dira. Plateruenean egin diren diskoen aurkezpen eta kontzertuak, oro har, jendetsuak eta arrakastatsuak izan dira», esan zuten, baina «aurreko urteetan zuzeneko ikuskizunetan izandako ikusle kopuruak behera egin duela sumatu dugu -adierazi zuten-, eta 2011ko datu aipagarriena horrexek izaten jarraitzen du: beheranzko joera».
Sortzaileak bertatik bertara ezagutzeko aukera ematen duen Ahotseneak arrakasta itzela izan du aurten ere. Bost egunez, ia ehun idazle, abeslari, talde eta zinemagile pasa dira bertatik. «Euskal sortzaileek plazak aldarrikatzen dituzte urte guztian zehar, egunotan demostratu delako publikoa egon badagoela. Ahotsenea sortzaileen gunea hartzaileen gune ere bihurtu delako», esan zuen Goenagak.
Elkartegian kokatutako Haur Literatura Aretoa ere, zenbaitetan «lekuz motz» gelditu dela azaldu zuten. «Batez beste 30-40 lagun izan da ekintza guztietan. Batzuetan jendea kanpoan utzi behar izan da -aretoak gehienez 150 lagunentzat tokia dauka-». Irudienea aurtengo esperimentuetako bat izan da, Topagunearekin batera antolatua. «Sortzaile, hartzaile eta eragileen arteko harreman gune txiki eta goxo bihurtu da. Hogeitik gora zine zuzendarik izan dute zuzeneko harremana euren sormen lanen hartzaileak diren herritarrekin».
Szenatokian egindako bi ekimenekin ere gustura agertu ziren. Irakurketa dramatizatua, batetik eta antzerki maratoia bestetik. «San Agustin Kultur Gunea Landako gunetik urrun samar egon arren, jendea gustuko eta intereseko ekitaldiak dituenean badoa», azaldu zuten. Kabi@ gunean ere arrakastatsuak izan ziren euskal Wikipediaren 10. urteurreneko «auzolan-festa» eta Ander Lipusek Akting enpresarekin batera egindako ipuin-kontaketa inprobisatua.
Galiziarrekin izandako harremanaz, «gure helburua kultura programatzaileentzako sorkuntza kulturalaren erakusle izatea da euren programazioetan gehitu dezaten», azaldu zuten. Azkenik, 16. urtez Merkatu plazan egon den Euskal Dendak izandako 20.000 bisitariak aipatu zituzten.
Atzoko eguna kontuan izan gabe, 105.000 bisitari zenbatu zituzten Landako gunean. Horietatik 40.000 asteartean hurbildu ziren Azokara. Egun arrakastatsuena izan zen, atzokoarekin batera.
Ereinen standean, ilara luze-luzea zegoen atzo Toti Martinez de Lezearen "Nur eta haize arrosa" haur eta gazteentzako liburua sinatuta eskuratzeko. Eta apur bat harago, Jon Arretxe ere "Tangerko ametsak" bidaia- nobela beltzaren gainean eskaintzak idatzi eta idatzi ari zen. Olatz Soraluze editoreak jakinarazi zigunez, bi lan hauek izan dira gehien saldu dituztenak. Liburu historikoei dagokienez, ezuste polita hartu dute Juan Luis Landaren «1512, in memoriam», Nafarroako konkistaren ingurukoa, zein arrakastatsua izan den ikusita. Orokorrean, Soraluzek adierazi zuenez, ez zuten aurreikuspen handirik egina, baina kontent zeuden.
Argitaletxe txikiago batean, Desclée-n, balantzea ez zen hain ona. «Iaz baino jende gutxiago etorri zaigu eta gutxiago saldu dugu», aitortu zuen Joseba Landak. Hala ere, haurrentzako bildumak ongi saldu dituzte, bereziki «Scream Street». Ttarttalon ere ume eta gaztetxoentzako eskaera ugari zuten: jolasteko liburuak, album ilustratuak... Azken hauek hagitz gustuko izan ditu jendeak, batez ere «Pozik», sentimenduak lantzeko ipuina.
Txalapartan ere pozik zeuden, jende gutxiago ibili zen astelehena eta igandea ere ongi joan zitzaizkielako, «Mapas» eta Asel Luzarragaren «Gezurra odoletan» lanengatik gehienbat. «Anarkherria»-rekin ezuste ona hartu dute. «Urte ona izan da guretzat», baieztatu zuen Mikel Sotok. Pamielan ere benetan baikor harrapatu genuen Pello Elzaburu, bai jende kopuruagatik bai honen jarrerarengatik. «Azoka bizi-bizi joan da eta oso bukaera arrakastatsua izaten ari da», adierazi zuen. Kontent zegoen Azokaren bilakaerarekin -«Ahotsenearen erabateko finkatzeagatik, espazio berriengatik...»- eta Pamielaren standean izandako martxarekin ere bai. Joseba Sarrionandiaren «Moroak gara behelaino artean?» eta «Erlea» aldizkaria izan dituzte izar batzuk.
Ohiko argitaletxeetatik aparte, Intxorta elkarteak aurrenekoz jarri du standa eta bi helburu bete ditu: produktuak eta Elgetan egiten dituzten ibilbideak ezagutaraztea. «Jende mordoa hurbildu zaigu interes handiz, tartean gazteak, eta guretzat oso inportantea da hori», agertu zuen Julia Monjek
Diskoei dagokienez, Berri Txarrak-en «Haria» izan da ziur aski salduena; agortu eta ale gehiago ekarri behar izan zituzten azken egunetarako. Bidehutsen Lisabören «Animalia lotsatuen putzua» eskatu dute gehien eta aurten lehenengo aldiz Durangon izan den Mauka argitaletxeak Governors izan du produktu izarra; Elkarrek, «Baionatik Bilbora», Ruper Ordorikaren «Hodeian azpian» eta Mikel Markezen «Hiri hartan izan zen»; Gaztelupeko Hotsak-ek, Xabi eta Pettiren lana. Azken bi argitaletxe hauek aurreko urteetako diskoak merkeago jarrita izan duten arrakasta azpimarratu zuten. M. I. - A. A.