GARA > Idatzia > Euskal Herria

Biktimen inguruko adierazpena ez dela aski esan dute oraingoan ere

Ohiko hitzak ahotan erantzun diete Lakuako Gobernuak eta EAJk larunbatean Aieten Gernikako Akordioaren sinatzaileek gatazkaren biktimen inguruan hartutako konpromisoei. «Ez da nahikoa», esan dute aho batez Rodolfo Ares Barne sailburuak eta Iñigo Iturrate legebiltzarkide jeltzaleak. Batak zein besteak, ez dute ongi ikusi ETAk eragindako biktimak eta gainerakoak batera aipatzea. Aralarko Aintzane Ezenarrok, bitartean, ezker abertzalearen aurka egin du.

p013_f02.jpg

GARA | DONOSTIA

Gernikako Akordioa sinatu duten eragileek biktimen inguruan hartutako posizioari garrantzia kentzen ahalegindu dira akordioa sinatu ez duten indarrak. Ezker abertzalearen jarrerari erreparatu diote guztiek, eta, aurretik beste hainbat kontutan egin duten bezalaxe, mezu nagusi bat aukeratu dute oraingoan ere Aieteko jauregian esandakoari aho batez erantzuteko: «Ez da nahikoa».

Aipagarria da adierazpena gustuko ez duten eragile gehienentzat ETAk eragindako biktimak eta errepresioak sortutakoak batera aipatu izana onartezina edo kritikagarria dela. Iritzi hori du, adibidez, Rodolfo Ares Lakuako Barne sailburuak berak ere: «Hemen erail duen jendea eta jarrera totalitarioen aurka egin izanagatik eraila izan den jendea dago, ez besterik».

Gernika Akordioko taldeen idatziaren barruan «onartezinak diren justifikazioak» ikusten ditu Aresek. Ezker abertzaleari, berriz, «babestu duen indarkeriaren aurrean orain ikusle gisa jartzea» leporatu dio sailburuak. Eta Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren jokabidea hartu du adibidetzat: «Ez da sinesgarria ezker abertzaleak honelako adierazpena egitea, eta, aldi berean, Garitano egunero indarkeria babestu eta justifikatzen dutenen aldean jartzea».

«Are okerrago dena, ihes eginda zegoen pertsona batekin argazkia atera zuen Garitanok», erantsi zuen Aresek, Gipuzkoako ahaldun nagusia Baionako manifestazioan Josu Esparza amnistiaren aldeko mugimenduko kidearekin batera agertu zelako. PSEko agintariari ahaztu egin zaio, ordea, lerro berean Akitaniako PSko bi agintari nagusi ere bazeudela.

Iturrate eta Ezenarro

EAJk larunbatean gogor kritikatu zuen Gernikako Akordioko sinatzaileen adierazpena. Atzo, berriz, Bakearen Aldeko Koordinakundeak Bilbon eginiko ekitaldi batean, adierazpena aski ez dela dioen arrazoibidea izan zuen ahotan beste behin ere Iñigo Iturrate legebiltzarkideak. «Nire ustez, oraindik bide luzea egin behar dute. Garrantzitsua da biktimak egon badirela onartzea, baina jarrera distantziakidea erabiltzea eta erantzukizuna gatazka abstraktu bati leporatzea ez da nahikoa». Bere hitzetan, ezker abertzaleak ETAren hilketak «helburu politikoak inposatzeko» egin direla adierazi behar du. «Iraganarekin apurtu» behar duela ere esan zion Iñigo Iturratek ezker abertzaleari. Eta geroari begira, etorkizun «askea» eraikitzeko inor ez dela hil behar «argiago» utzi behar duela erantsi zuen.

Ekitaldi berean, Bakearen Aldeko Koordinakundeko eledunek ere Aieten aurkezturiko adierazpena izan zuten hizpide. Bere edukia ez dela aski esan zuen Juan Herrerok, oraindik ere ezker abertzaleak «indarkeria terrorista zehatz baten inguruan erantzukizuna onartu behar duelako. Ez dute oraindik urrats hori eman». Aresek bezala, Bakearen Aldeko Koordinakundeak ere ez du egoki ikusten gatazkaren bi aldetako biktimak batera aipatzea.

Bitxiagoa izan zen oraindik Aintzane Ezenarro Aralarko legebiltzarkidearen kritika, bere alderdia Aieten izan ziren taldeen artean baitago. Ezenarrok ``El Correo'' egunkarian nabarmendu zuenez, Aieten esandakoa «berandu dator batzuen partetik». Bere ustez, ezker abertzaleak «bide luzea egin behar du oraindik», eta, ETAk eragindako biktimen begien aurrean sinesgarri izateko bidean, «gauza sinesgarriak» egin behar ditu. «`Orain bide politikoak' esateak ez du balio, honek ez duelako bermatzen etorkizunean berriro indarkeriaren erabilera babestuko ez denik», esan du. Aralar Amaiur koalizioko kide izatearen aurka zegoela ere ekarri du gogora Ezenarrok berriz ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo