GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

«Bide hau zabaltzeak izugarri bete nau; estilo bat sendotzea izan da»

p048_f01_148X204.jpg

Ekaitz Maiz

Eskalatzailea

Beste behin, Ekaitz Maiz etxauriarrak sormena, estiloa, sasoia eta zulagailua bizkar zorroan sartu eta Pirinioetako pareta batera eraman ditu. Beste bide berri bat zabaldu du, behetik eta progresiorako eskalada artifiziala erabili gabe. «Borrokan Aske» (8a, 240 m) du izena, eta Ansabereko Orratz Txikian marraztu berri du. Sortzailea izateaz gain, Maiz izan da bidearen lehen igoera sinatu duena.

Andoni ARABAOLAZA

Hurrengo elkarrizketan, Ekaitz Maizek «Borrokan Aske» bidean izan duen eskarmentuaz hitz egin dio GARAri, baita indarrean jarri duen estiloaz ere.

Nola sortu zen Ansabereko Orratz Txikian bide bat zabaltzeko xedea? Marbore bezala, historia duen pareta delako?

Aspalditik nuen buruan Ansaberen bide bat zabaltzea. Niretzako Euskal Herritik gertuen dagoen pareta erakargarriena da, Pirinioetako pareta adierazgarrienetako bat. Oso toki berezia da, eta joko asko ematen du bide berriak zabaltzeko. Pareta hauetan ez daude bide asko, are gutxiago kirol eskalada kutsukoak. Horrelako orratz zorrotzean bidea ikusi, zabaldu eta kateatzeak izugarri motibatzen ninduen.

Hasi, berez, beste marra batekin hasi zinen, baina, arrokaren kalitatea dela eta, hori utzi eta «Borrokan Aske» bideari heldu zenion.

«Borrokan Aske» bidearen eskuinean dagoen espoloi desplomatu batean zegoen nik zabaldu nahi nuen marra. Azpitik ikusita izugarrizko itxura ona zuen: toki aparta, jarraikortasuneko luzeak, desplomatuak... izugarria benetan!

Duela bi urte bakarka zabaltzen hasi nintzen; 60 metroko luze bat zabaldu eta hurrengoak beste baterako utzi nituen. Harkaitza ez zen hoberena, baina gorago hobetuko zen esperantza nuen.

Aurten bide horri berriz ekin nion Asier Lukerekin batera. Bigarren luzea zabaltzen hasi eta harkaitza txarra zela ikusi genuen; 35 metro inguru igo nituenean larri ibili nintzen. Parabolt bat sartu eta helburua bertan behera uztea erabaki genuen. Larri bai, baina onik jaitsi ginen.

Azkenean, «Borrokan Aske» bi egunetan zabaldu duzu.

Zabaltzen gehien kostatu zitzaigun luzea lehenengoa izan zen. Bidearen zatirik errazena da, baina harkaitz txarrena duena. Lurretik, nondik nora eraman nahi genuen argi ikusten genuen, baina, hasi eta berehala, ikusitako bidean harkaitza oso hauskorra zen, eta behin baino gehiagotan destrepatu behar izan nuen. «Harkaitz ona» zegoen tokitik jotzea beste erremediorik ez genuen izan.

Luze zailetan, eskaladaren zailtasuna bera zen lan nagusia, baina harkaitza ikaragarri ona zen eta plazer hutsa izan zen luzeok zabaltzea. Pentsa, bigarren luzeak 60 metro eta hamar parabolt ditu, baina harkaitza izugarri ona da, eta horrelako eskalada egiteko aukera ematen du. Nire ustez, estilo honetan bideak ahalik eta parabolt gutxienekin zabaltzeko ezinbestekoa da harkaitza kalitate onekoa izatea.

Bost luze atera zaizkizu. Nolakoak dira?

Argi eta garbi, harkaitzaren kalitateari begira, luze txarrena lehenengoa dela esango nuke. Baina badu bere xarma; izan ere, zailtasunean errazena izan arren, 60 metro eta zazpi parabolt ditu. Luzerik psikologikoena dela esango nuke, baina jendea pasa ahala, garbitu egingo dela uste dut. Hortik aurrera harkaitza izugarri ona da; eskalada ezker-eskuin mugitzekoa da, helduleku onak plaka desplomatu perfektuetan bilatzen joatekoa. Bidea kateatzeko giltza hirugarren luzean dago nire ustez; indar erresistentziako luzea da, erregeleta kamutsekin eta oin oso txarrekin.

Graduari dagokionean, 8a gehienez luze batean, pare bat 7a+, eta 7a eta 7c bana. Oro har, oso iraunkorra, ezta?

Bai, hori da nire proposamena. Lehen aipatu dudan bezala, bidearen giltza hirugarren luzean dago. Hemendik aurrera 7a graduko bi luze geratzen dira, baina psikologikoki, ezer txarrik pasa ezean, bidea ia egina dagoela esan daiteke.

Kontuan hartu behar da behetik zabaldu duzula, eta, luze batzuetan, lehenengoan bezala, soilik sei txapa daudela. Konpromiso handiko bidea atera al zaizu?

Ez nuke esango oso bide arriskutsua denik. Luze konprometituena lehenengoa da, zailtasunez errazena, baina pentsatu behar dugu hemen sartuko den eskalatzaileak 8a egiten duela eta fisikoki behintzat zati horiek aise pasa beharko lituzkeela. Bigarren luzeak ere 60 metro eta hamar seguru ditu, baina jarraikortasunekoa da eta lehen luzerako aipatu dudana errepikatzen da. Luze zailena ez zait konpromiso handikoa iruditzen; zabaltzen ari nintzenean bi eroriko eder izan nituen. 30 metro eta sei seguru ditu.

Krokisean aipatzen duzu friend batzuk erabil daitezkeela.

Lehenengo luzean badago horiek jartzeko aukera pare bat, baita bigarrenean ere. Luze arriskutsuenak direnez, eramatea ondo dago, baina friendak jarri gabe ere arazorik gabe pasa daiteke.

Zabaldu bai, baina kateatzea falta zen. Esan daiteke kosta egin zaizula? Izan ere, bi bidaia behar izan dituzu 8a hori kateatzeko, eta, aldiz, estilo berean zabaldu dituzun beste bide batzuetan ere 8a zailtasunak zenituen eta lehenengoan poltsikoratu zenituen.

Bai, hala da, baina luzearen estiloaren eraginez izan dela esango nuke. Bigarren luzea jarraikortasuneko 60 metro dira, eta, atseden hartzen baduzu ere, hirugarrena indar erresistentziakoa da. Kateatzera joan nintzen egunean, oso ongi iritsi nintzen: bigarren luzea aise kateatu nuen eta hirugarrenari ekin nion. Zintak jartzen zati zailetik irteterakoan, bospasei aldiz erori nintzen. Ondoren oin berri bat ikusi nuen, baina leher eginda nengoen eta kateatzea ez zen posible izan. Egun hartan azken luzeak larri kateatu nituen, txikituta geratu bainintzen. Itzuli nintzen hurrengo egunean energia guztiarekin saiatu nintzen. Zintak jarri ondoren, oinak ongi baino hobeto kokatu eta lehen saioan kateatu nuen.

Estilo honetan zabaldutako zure laugarren marra da honakoa, hau da, behetik eta progresiorako artifiziala erabili gabe. Batzuk diotenez, Wendestock edo Ratikon estiloa erabili duzu. Badirudi erabat engantxatuta zaudela eskola horretara.

Zeharo harrapatuta nauka bideak horrela zabaltzeak. Eskalatzen hasi eta berehala hasi nintzen bideak ekipatzen, eta bideak estilo horretan zabaltzea, ekipatzailea eta eskalatzailea batzea dela esango nuke. Kare-harrian eskalatzera ohituta gaude, eta harri mota horretan zailtasuneko bideak zabaltzeko modurik garbienetarikoa dela iruditzen zait. Gainera, niretzako Ansabereko orratzak edo Marboreko Dorrea bezalako tokietan bideak zabaltzea ametsa izan da.

«Borrokan Aske» bideak zer suposatu du zure ibilbidean? Zer eman dizu?

Marra hori Ansabereko orratzean zabaltzeak nire barnean sortutako gogo bati erantzuna eman dio. Izugarri bete nau, eta, zerbait aipatzekotan, bigarren luzea azpimarratuko nuke, ederra baita.

Nire ibilbidean beste urrats bat dela esango nuke. Ez nuke aurrekoen berdina denik esango, ez baitago munduan bi bide berdinik, ezta bi eskalada berdin ere. Estilo bat sendotzea izan da. Harkaitz onarekin «erraza» da azpitik zabaltzea, baina harkaitza txarra denean...

Zur eta lur geratzen ari gara egiten ari zaren lanarekin. Aztertzen ari garen estiloan ekarpen esanguratsuak egiten ari zarela baieztatuko nuke. Zein da zure hausnarketa?

Martí eta Llullu kide katalanek bideak era horretan zabaltzeko grina sartu zidaten, eta nik nire estilo propioa sortu dut; hots, daratulua soinean eramatea. Eskuarki, jendeak zulagailua fifi batekin jarritako azken paraboltean utzi eta hurrengoa jarri behar duenean, soka laguntzailetik igotzen du. Nik estilo horri mugak ikusten nizkion, eskalatzen zoazenean bi eskuak libre izan behar baitituzu. Gainera, daratulua soinean eramateko «tuneatu» nuen, esku bakarrarekin zulatu ahal izateko. Estiloari buruz, uste dut eskaladaren alderik abenturazaleena dela. Nahiz eta nondik nora joan nahi duzun argi izan, paretak berak erakusten dizu jarraitu beharreko bidea. Eta nondik hasten zaren jakin arren, ezin duzu esan non bukatu behar duzun.

Krokisa egiterakoan ere abenturaren ikuspegia kontuan hartzen dut. Paretak eta bideak berak sorpresa ugari eskaintzen ditu. Egokiena paretan bertan zaudenean bidea aztertzea da; horregatik ez ditut xehetasun guztiak krokisean jartzen. Badaude krokisak ahalik eta xehetasun gehienekin egiten dituztenak, baina nire ustez horrek eskaladaren esentzia pixka bat murrizten du.

Orain hartu duzun norabide horrek, zer garrantzia du zure ibilbidean?

Motibazio dosi izugarri handia da! Kirol eskalada oso gustuko dut eta asko praktikatzen dut, baina jada ez dut duela bospasei urte sentitzen nituen erakarpena eta gogoa sentitzen. Pareta handiek, ordea, gero eta gehiago erakartzen naute.

Marboreko Dorrean zabaldu eta kateatutako «Agur eta Ohore» bideagatik FEDME Espainiako Mendi eta Eskalada Federazioaren saria jaso baino egun batzuk lehenago «Borrokan Aske» kateatu zenuen. Zerk eragin dizu ilusioa gehiago: Ansabereko bidea zabaldu eta kateatzeak edo FEDMEren sariak?

Saria jasotzeak eta lortutako aitortzak ilusioa eman zigun, baina FEDMEren gala eta sari banaketa ekitaldia zirko hutsa direla iruditzen zait. Nire tokia ez dago hainbeste gorbatadunen artean; Ansaberen askoz hobeto sentitu nintzen. Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiet Asier Lukeri bidea zabaltzen laguntzeagatik eta Adrian Legarra eta Antton Zabalari kateatze saioetan laguntzeagatik. Bide batez, nire ama Isabel Urretabizkaia, Xixili Oruezabala eta Mireia Rocari ere eskerrak eman nahi dizkiet nire burugogortasunarekin izandako pazientziagatik eta emandako aholkuengatik. Beraiek gabe ezin izango nuen horrelako biderik zabaldu eta kateatu.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo