GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Erregai ekologikoa ASPn

Rip Curl Search txapelketako antolatzaileek proba bat egiteko beharrezko energia modu jasangarrian lor daitekeela frogatzen duen esperimentua egin dute.

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Aurtengo Rip Curl Search txapelketa San Frantziskon izan da, Ocean Beach hondartzan. WCT mailako txapelketa bat antolatzeak sekulako antolakuntza eskatzen du: ordenagailu, musika ekipo eta komunikabideen beharrak asetzeko zein txapelketa argiz hornitzeko energia asko behar izaten da.

Txapelketaren antolatzaileek energia hori guztia modu jasangarrian lortu nahi zuten eta horretarako zenbait eragilerekin harremanetan jarri ziren. Erregai ekologikoak lortu eta zituzten beharrei erantzuteko gai izan ziren. Beraz, erregai jasangarriekin WCT txapelketa batek dituen beharrak ase eta energiaz hornitzea posible dela frogatu zuten.

Orain, txapelketa amaitu ostean eta helburua beteta, datorren urtean Rip Curlek antolatuko dituen txapelketetan ere saiakera egiteko asmoa dutela iragarri dute antolatzaileek.

Argi indar sorgailuak elikatzeko, erabilitako sukaldeko olioa baliatu zuten. Eskuratutako erregaiaren %90 hondakin birziklatuetatik lortu zuten.

Brooke Farris txapelketako antolatzailea honela mintzo zen: «Gure eginbeharretako bat txapelketa egin behar dugun lekuko eragileekin elkarlana bultzatzea da. Kasu honetan, parke nazional batean egin behar genuen txapelketa, beraz, ingurunea kontuan hartzeko arrazoi garrantzitsuak genituen. Sustainable Surf erakundearekin harremanetan jarri eta proiektua martxan jarri genuen. Save the Waves eta Surfrider Foundation erakundeekin batera, Ocean Beach hondartza babesteko ekimenean gure ekarpena egiteko prestutasuna ere erakutsi genuen».

ASPko lehiaketa bat modu jasangarrian hornitzerik ba ote zegoen ez zen batere argi. Esperimentuan parte hartu duten guztiek erronka oso zaila zutela onartu dute, baina, behin helburua lortuta, esfortzuak merezi izan duela nabarmendu dute. Orain, erregai jasangarriak erabiltzea aukera bat da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo