Surflari ernegatua
Espainolak garelako
Hendaiatik Angelura, hondartza sarreretan dauden kartelek bainulariak duen erantzukizunaz ohartarazten dute. Zierbenatik Hondarribira, ordea, ez da halakorik, polizia eraginkorragoa baita. Gauzak egiteko modu espainola da, indarrez eta ezjakintasunaren bandera aldarte hartuta jardutea. Beste norbaitek kolonizatu bagintu, gutxienez gauzak beste modu batera egingo genituzke.
Martin Luther King apaiz eta politikari zenak, famatu bilakatu zuen amets bat izan zuen. Ametsak guztiok egiten ditugu, baina, antza, besteonak ez dira interesgarriak. Nik ere badut sarri egiten dudan amets bat. Surfean ari naizela itotzen ari den norbait ikusten dut. Orduan, igerilariarengana hurbiltzen naiz, begiak zabal-zabalik ditu, ahoa eta sudurzuloak ia ur azalak estaltzen dizkio eta izu-ikara bisaiaz begiratzen nau. Nik eskua luzatzen diot, baina azken momentuan, nor den ikusi eta surf egitera itzultzen naiz. Batzuek, ez dute laguntzarik merezi.
Azaroaren 22an eta 23an, surflariei itsasoratzea galarazi zien Bartzelonako polizia munizipalak. Olatuek bi metroko altuera zuten, eta haizeteak bazterrak astintzen zituen. Katalanentzat tsunami baten antzeko zerbait izan zen hura...
Abenduaren 15ean, berriz, Donostiako polizia izan zen surflariei Urumea ibaian surf egitea galarazi ziena. Edozein egunetan, edozein hondartzetan surf egitea baina arrisku gutxiago dauka Urumean olatu eskasak hartzen ibiltzeak, baina beste albisteak estaltzeko eguraldia albiste bilakatzen dutenen esanen arabera jardunez gero, dena da zilegi.
Garona ibaian, urtean pare bat aldiz olatu bat sortzen da, Urumeakoa baino trinko eta indartsuagoa. Inork ez die surflariei ezer galarazten ordea. Ibaiaren sarreran Udalak dituen eskumenak zeintzuk diren eta surflariak erantzukizuna bere gain hartu behar duela ohartarazten duten kartelak daude.
Frantziako hondartza guztietan ikus daiteke sarreretan norbait itsasoratzen bada, erantzukizun osoa berea dela ohartarazten duten kartelak. Hendaiatik Angelura ere ikus daitezkeen kartelak dira. Zierbenatik Hondarribira, ordea, ez da halakorik, polizia eraginkorragoa baita.
Gauzak egiteko modu espainola da, indarrez eta ezjakintasunaren bandera aldarte hartuta jardutea. Betikoa errepikatuko dut: beste norbaitek kolonizatu bagintu gutxienez gauzak beste modu batera egingo genituzke, eta, munduaren begietara, europarrak ginateke. Beste edozein kolonizatzailek ere sekulakoak egingo lituzke, Gernika bonbardatuko luke, gure hizkuntza jazarriko luke, ehunka pertsona bortxatu, torturatu eta akabatuko lituzke. Baina gutxienez, gauzak egiteko beste modu bat izango genuke, esaterako, Iparraldean dutena.
Zer egingo diogu ba, Hegoaldeko euskaldunek gauzak egiteko eredu espainola jarraitzen dugu. Nik neuk, nire ametsa gauzatzeko aukerak izan ditut. Alegia, norbait erreskatatzera joan eta nor den ikusi ostean han utz nezakeen, baina ez dut egin. Halakoetan, eredua indarrez inposatu digutenek egiten ez dutena egiten dugu, alegia, lagun hurkoa lagundu. Horrelakoetan ere, ez dugu ezarri diguten kode morala hausteko ausardiarik. Ez dugu espabilatzen, ereduak aldagarriak dira; egokiena aukeratu eta haren arabera jarduteko dira. Ezarri digutenaren arabera besteak alda daitezkeela pentsatzea, ez pentsatzea da. Hurrengoan, agian, ez dut igerilaria salbatuko.