Behin ASP zirkuitua amaituta, balorazioa egiteko ordua da
Aurtengo ASP zirkuitua amaitu ostean balorazio labur bat egiteko momentua iritsi da. Igaro berri den denboraldiak zer eman duen ikusi eta datorrenak zer ekarriko duen iragartzeko denbora da. Iaz genituen galderen erantzuna gogoratu eta galdera berriak luzatzeko unea ere bada.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Amaitu da aurtengo ASP zirkuitua, eta, orain, ia hiru hilabeteko oporraldia izango dute lehiakideek. Txapelketak amaituta, balorazio txiki bat egiteko momentu egokia ere bada, iaz airean ziren galderek zein erantzun jaso duten aztertzeko beharrezko elementuak mahai gainean baitira.
Ikuspegi eta eremu anitz har daitezke kontuan balorazio bat egiterako orduan. Irizpideak ere anitzak izan daitezke, baina surf txapelketei dagokienean, hiru multzo dira nagusiki kontuan hartzekoak: lehiakideak, olatuak eta antolakuntza.
Lehiakideak
2011ko irabazlea Kelly Slater izan da, bere hamaikagarren txapelketa lortuz. Hori bai, belaunaldi berriek indartsu datozela erakutsi dute, eta, ondorioz, datorren urtean aldaketak iragar daitezke. Gazteak gailendu eta behin betiko belaunaldi aldaketa emango den urtea izan daiteke. Horrek ez du atzera bueltarik, txapelketen historian beti gertatu da horrela; biologiaren legeek ez dute barkatzen, gazteek zahartzen hasten diren kideen lekuak hartzen dituzte.
Aurtengo itzuliak ate bat itxi du eta aro baten amaiera marraztu du. Pixkanaka azken hamarkadan puntakoak izan diren lehiakideen izenak rankingeko zerrendan gero eta beherago daude, eta John John Florence edo Gabriel Medina bezalako surflari gazteak, berriz, lehen postuak eskuratzen hasi dira.
Datorren urtean, itzuliaren hasieran behintzat, oraindik gazte gutxi izango da WCTko 34 lehiakideen artean, baina dauden gutxiek sekulako emaitzak izateko aukera anitz dauzkate. Gainera, urteak aurrera egin ahala, irail aldera, lehiakide gazte gehiago sar daitezke zirkuituan.
Bestalde, australiar, estatubatuar, hawaiiar eta brasildarrek jarraituko dute WCTko lehiakideen zerrenda osatzen. Hegoafrikarren bat edo beste ere bada, baina, orokorrean, gainontzeko herrialdeetako surflariak lehen 34 postu horietako bat lortzetik oso urrun daude. Gertuen aurkitzen den lehiakide europarra irlandarra da: Glen Hall du izena eta 57. postua lortu du aurtengo rankingean.
Olatuak
WCT zirkuitua osatzen duten txapelketei dagokienean, aurtengoan denetarik izan da; olatuek inoiz huts egiten ez zuten lekuetan baldintza eskasak izan dira, Jeffreys Bayn kasu, eta, aldiz, Teahupo, Supertubos eta Pipelineko txapelketetan aspaldian izan diren olaturik onenak izan dira. Beraz, olatu oso onak edo oso txarrak ikusi ahal izan ditugu.
Teahupon, aspaldi izan den itsaskirik handiena ikusteko aukera izan zen. Egun batean olatuak hain ziren handiak, non txapelketa bertan behera utzi behar izan zuten. Egun hartan, ordea, bestelako ikuskizuna izan zen, motorren laguntzaz olatu erraldoiak hartzen ibili ziren surflariena hain zuzen ere.
Supertubosen, baldintza ezin hobeak izan ziren. Lehiakideek lehian ari zirela ere ahaztu zuten ia, eta, hala, kaleratutako surflariek sekulako olatuak lasai hartzeko aukera behintzat izan zutela azpimarratzen zuten.
Eta Pipelinekoa, azken hamarkadan izan den txapelketarik ikusgarriena izan zen dudarik gabe. Amaiera, hala ere, apur bat tristea izan zen, olatuek behera egin baitzuten eta aurreko txandak ozta-ozta pasa zituzten lehiakideek aurrera egin baitzuten ordura arte ikuskizun gehien eman zuten lehiakideak kalean geratzen ziren bitartean.
Azken txandetan eta finalean olatuak handiak zirenean ausardia eta prestutasuna erakutsi zutenek egon beharko luketela pentsa daiteke, baina lehia horrelakoa da: ez du onenak irabazten, ongien lehiatzen duenak baizik. Hala ere, emaitzak aldera batera utzita, lehen bi egunetan izan zen itsaskia historikoa izan zen, hurrengo urteetan behin eta berriz gogoratuko dugun horietakoa.
Olatu eta leku berriei dagokienean, berriz, aurtengoan izan den beste berrikuntza bat New Yorkeko txapelketa izan da. Inork gutxik espero zituen olatuak izan ziren, eta, modu horretan, datorren urtean berriz errepikatzeko aukera irabazi zuten antolatzaileek.
Datorren urteko zirkuituari begira ez da aldaketa handirik izango lekuei dagokienean. New Yorkeko txapelketa, esan bezala, berriz egingo da. Gainontzeko txapelketa guztiak ere ohikoak izango dira, Tavaruan egingo dena salbu. Rip Curl Search txapelketa (aurten San Frantziskon egin dena) kendu eta bere lekua Fijiko uharteko olatu bikainak hartuko du.
Antolakuntza
Aurten izan den aldaketa nagusia txandatze sistema izan da. Arau berri horren arabera, zirkuituaren erdi aldera (irailean), ordura arte behar adina puntu bildu dituzten WQS zirkuituko lehiakideak WCTn lehiatzen hasten dira. Araudi berri horrek goi mailako lehiakideak (WCT) beraien postuak mantentzeko etengabe puntuak biltzera behartzen ditu, horretarako bigarren mailako (WQS) txapelketetan parte hartu behar dutelarik.
Aldaketa handia izanik, zer-nolako ondorioak izango ziren ikusteke zegoen. Antolatzaileek kritika ugari jaso zituzten hasiera batean eta lehiakide batzuekin liskarrak ere izan dira, Bobby Martinezekin kasu. Baina, kritikak kritika, denboraldia amaituta antolatzaileek jarri zuten helburua lortu dutela esan daiteke: WQSko lehiakideei aukera luzatu eta belaunaldi berrien arteko talka irudikatzea.
Neskak
Carissa Moore hawaiiarra izan da 2011ko irabazlea. Zirkuitua osatzen duten zazpi probetatik hiru irabazi ditu, beste hiru txapelketetan bigarren izan da eta izan duen emaitzarik txarrena finalerdietara iristea izan da. Hala ere, ez du erraza izan txapela eskuratzea, lehiakide gogorra izan baitu uneoro ondoan: Sally Fitzgibbons australiarra.
Sallyk ere zazpitik hiru txapelketa irabazi ditu, eta, gainera, gainontzeko txapelketa guztietan finalerdietan izan da. Bi lehiakide hauek gainontzekoen gainetik egon dira urte osoan zehar. Azken lau urteotan irabazlea izana zen Stephanie Gilmore ere atzean utzi dute, gazteak indar handiz datozela erakutsiz. Izan ere, Carissak 19 urte baino ez ditu, eta Sallyk, berriz, gaur bertan egingo ditu 20 urte.
2012ko zirkuitua, bai nesken kasuan bai mutilenean, urtero bezala, otsailaren 25ean hasiko da berriz ere, Gold Coasten, Australian.