Josu Iraeta Idazlea
EAJ, maitale bila
Egokia litzateke Espainiarentzat bere historia berrikustea, bere inperiora itzuli eta gainbeheraren arrazoiak, horietatik asko egun indarrean daudenak, aztertzea Euskal abertzaleok gaurko egoera iraultzeko gaitasuna dugunez, benetako eta beharrezko helburuak ekintza politikoarekin lotu behar ditugu
Politikagintzan behin baino gehiagotan historia errepikatzen dugula gauza jakina da, eta orain ere «batzuk» bide horretatik doazela ikusten dut. Ez nuke inor kezkatu nahi, bide onean gaudela argia baita, eta pozik egon gintezke. Pozik bai, baina lasai ez. Han-hemenka baikortasunez beteriko mezuak entzuten ari gara; ados, bazen ordua. Baikor izaera lagungarri bai, baina datorrenari aurre egiteko zangoak lurrean tinko eta burua argi behar ditugu. Nik, aurrera jauzi egin baino lehen, atzera begiratzen dut. Horretarako, nire saioan iragana gogorarazi nahi nuke.
Espainiaren historian, erregimen edo sistema desberdinek izan duten eraginaz harago, nabarmena da etengabeko zentralismoaren porrota. Historian zehar Espainiak gehiegikeriarik handienak egin ditu penintsulako nazionalitate zaharrak, haien kulturak, hizkuntzak, ohitura politiko eta juridikoak suntsitze aldera. Asmo berean saiatu da haien geografia diferentzialen aurka, ekonomia propio eta berezien aurka, baita izateko edota bizitzeko moduen aurka ere.
Testuliburuek diotenaren aurka, Espainiaren gainbehera -herri sustrairik gabeko estatu bezala- Errege Katolikoekin hasi zen. Huts egin zuten Galiza zigorraren gogortasunez «mantsotuko» zela uste izatean. Kriminal bikote horrek 1483an Pardo de Cela mariskalari lepoa moztu zion Mondoñedon. Galizako lurrak txikitu zituen, administrazioa bururik gabe utzi eta gidariak kanpora bota zituen. Baita ahalegin guztiak egin bertako hizkuntza eta kultura deuseztatzeko. Halere, bakarren batzuk, kanonizatu nahian ibiliak dira...
Galizako herriak bostehun urte luzetan jasandako zigor gogorra -gaur egun aztarna nabarmenak daude- Espainiako historia beltzaren adierazgarria da. Estatu zentralista bezala gobernu mota guztiekin saiatu baita eta denekin egin baitu porrot, hala nola Austriarren monarkia zesaristak, Borboien absolutismoak, Karlos III.aren despotismo ilustratuak, monarkia sasi demokratiko-konstituzionalak, eta tartean, nola ez, koartelkadak. Espainia, estatu zentralista bezala, diktadura zibil eta militar mota guztiekin saiatu da, Konte-dukearen garaitik Franco arte, Narvaez eta Primo de Riveratik igarota, eta denetan egin du porrot.
Motor bultzatzailea beti izan da bera; estatu zahar, agortu eta porrot egindakoaren zaindariak, alegia, lurraren jabe erdifeudalen jauntxoak. Baita Eliza gerrazale eta intolerantea, burgesia handia -gaur egun banketxeetan gotortua-, burokrazia soziala, PPren gobernuak urteetan oxigenatua eta indarberritua. Alderdi hau bera baita, erregimen zaharretik eratorri eta oraingoan txertatua, barrutik zulatzeko asmoz.
Argiago esanda, erreakzioaren indarrak izan dira, beti zelatan, edozein eraldaketarako aukeraren aurka. Historia beltz beldurgarri hau lotu ezinezkoa da benetako demokraziarekin, horren ondorioz dator Galiza, Katalunia eta Euskal Herriko egoera. Egokia litzateke Espainiarentzat bere historia berrikustea, bere inperiora itzuli eta gainbeheraren arrazoiak, horietatik asko egun indarrean daudenak, aztertzea.
Estatu espainol deitzen den horren benetako oinarriak agerian utzi ondoren, eta balizko trantsizio berri baten aurrean omen gauden honetan, 1978koaren antzera, Estatu espainolarekiko harreman esparru berria benetan nahi dugunok ikusten dugu 33 urte geroago orduko berberak ari direla agertokia prestatzen.
Ikusten ditugu lehentasuna emanez -orduan bezala orain-, nazionalismo espainolak (PP-PSOE) Madrildik utziko duenaren kudeaketa mantendu eta interpretatzeari, eta ez benetako indarra neurtzearen inkognitari, esparru aske eta burujabean, autodeterminazio eskubidea baliatuz. Nire ustez, Jose Antonio Agirrek (lehendakaria) eta Indalecio Prietok (sozialista) duela mende erdi burutu zutena -orain bi alderdien ahuleziak behartuta noski- berregin nahi du EAJk. Alderdi honek badaki, askok dakigun bezala, Raxoi jaunaren gobernuak ez daukala, bere aurretikoek ez zeukaten bezala, sinesmen demokratiko nahikoa euskal herritarren borondatea, aske eta demokratikoki adierazitakoa errespetatzeko. Argiago esanda, ez da gai estatu eredua agortua dagoela barneratzeari aurre egiteko.
Dena dela, ez dut uste EAEko datozen hauteskunde autonomikoak baino lehen gauzatuko denik hitzarmen garrantzizkorik. Gaurko panorama politikoak ez die gomendatzen Lakuan datorren gobernuan kide izan daitezkeenei hurbilketa argirik agertzea, bi alderdien helburu partidistak muga baititzake horrek.
EAJri dagokionez, etorkizuna zalantzan duela esan beharra dago. Madrilen agintzen duen plateretik jaten ohituta dago, baina gaur ez ditu lehen zituen indarrak eta Amaiur bertan eta indartsuago izanik, PPrekin adosten dituenak ez dira gozoak izango. Baina izatekotan, EAEren barruan gauzak ez dira berdinak izango, lehen aipatu bezala, J. A. Agirreren jokoa berrargitaratu nahian dabiltzanez. UPN bezala, EAJ maitale ezberdinekin oheratuko ote Madrilen eta Lakuan?
Ez da ezer baztertu behar, baina EAJren barruan, azpijoko trebeak beti izan dira, eta orain ere bai. Horregatik nioen pozik egoteko arrazoiak bai, baina lasai ez. EAJk ongi daki egungo estatutuari ukitu ikusgarri batzuk emanez eta Madrili begira tinkotasun lagunartekoa mantenduz, aukera posibilistaren jabe berretsita geratuko litezkeela biok (EAJ-PSOE) bat eginik. Eta horrek, gaurdaino, beti bete ditu hautestontziak. Baina gaur egun ere bai?
Ezker abertzalean pentsatzen dugu iritsi dela ordua EAJk erregionalisten eraginak gaindi ditzan. Euskal Herriaren eraikuntzaren etorkizunari jarrera anbiguoan erantzuten jarraitzen du, baina Euskal Herriak ezin du oinarritu bere etorkizuna Moncloan gerta daitekeen alternantzia gutxi edo asko atzerazalean.
Euskal abertzaleok gaurko egoera iraultzeko gaitasuna dugunez, benetako eta beharrezko helburuak ekintza politikoarekin lotu behar ditugu. Guztia egingarriagoa izango da, etengabe buruari nor garen eta zer nahi dugun galdetzen ibili gabe. Elkarretaratzea bilatuko bagenu, oinarrizko gutxienekoekin osatutako plataforma batez, inposiziorik gabe, sustrai sendoko egitasmoa eskuan dugula, euskal gizartearen gehiengo kualifikatu baten izenean esertzeko aukera emango lukeena. Hura bai, hura bai herriaren poza.