GARA > Idatzia > Mundua

Ehunka hildako Indonesian eguraldi txarrak etorkin itsasontzi bat hondoratzean

Java uhartetik hurbil, 300 lagun inguru desagertu dira Indonesian itsasontzi bat irauli ostean. Ontziak jatorri desberdineko etorkinak zeramatzan Australiara, bidaiari bakoitzak milaka euro ordainduta.

p026_f01_148x092.jpg

GARA | JAKARTA

300 lagun inguru, atzo eskaintzen ziren datu ofizialen arabera, desagertu dira Java Indonesiako uhartetik hurbil itsasontzi bat iraulita. Australiara zihoan ontziak jatorri desberdinetako etorkinak zeramatzan, Afganistangoak eta Irangoak, beste batzuen artean, iturri ofizialek jakitera eman dutenez.

Sahrul Arifin Hondamendien Eragina Gutxitzeko Ekialdeko Javako Zentroko eledunak Metro telebista kateari azaldu dionez, dagoeneko 76 lagun erreskatatu dituzte. Hala ere, ezin da baztertu itsasoan oraindik ehunka hildako egotea.

Arifinek uste du itsasertzetik 90 kilometrora izan ziren olatu bortitzen eraginez hondoratu zela itsasontzia. «Istripua gertatu den lekuan hasi dira lanean erreskate taldeak, bizirik zeudenak salbatu nahian, baina azken orduotan gorpuak sartzeko poltsak bidaltzen ari gara jada bertara», erantsi zuen.

Erreskate lanetan aritu direnek Reuters agentziari esandakoaren arabera, bizirik atera direnen artean emakume bat eta zortzi eta hamar urte bitarteko umeak ere badaude. «Deshidratatuta eta indarrak ahituta daude guztiak, bost ordu egin baitituzte uretan sartuta, itsasontzia hondoratu ondoren», jakinarazi du Hariyadi Purnomo erreskate taldeetako buruak.

Australiaren erantzukizuna

Erreskate lanak oso zailak izaten ari dira, oso eguraldi txarra dutelako. «Ikuspenik ere ez genuen», esan du lan horietan esku hartu duen Brian Gautamak.

Itsasoan tragedia bihurtuta amaitu den bidaia Ekialde Hurbileko herrialderen batean hasi zen bidaiari gehienentzat, batez ere Iranen eta Afganistanen. Indonesiako Poliziak emandako datuen arabera, legez kontrako bidaiaren salneurria ez da merkea: 2.300 eta 6.100 euro bitartekoa. Istripua izan dutenen kasuan, lehen etapan hegaldi bat hartu zuten Dubai hirian, Jakarta Indonesiako hiribururaino joateko. Gero, autobusetan sartu zituzten, Java uharteko porturen batera eramateko, eta bertan hartu zuten Australiako Christmas uhartea helmuga zuen itsasontzia.

Australiako Gobernuak adierazi du «tragedia kezkagarria» izan dela Javatik gertu atzo gertatutakoa.

Giza eskubideen aldeko erakundeek, berriz, Canberrako Exekutiboari leporatu diote erantzukizuna, bere etorkinekiko politikak bizia arriskuan ipintzea beste erremediorik ez baitie uzten milaka laguni.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo