Josebe Egia
Gabonak, telebistako iragarkia
Txikiak garenean, Gabonak fantasiaz eta jolasez beteriko parentesia izaten dira. Egin behar dugun gauza bakarra da amets egin, opariak eskatu eta elurrak egunak borobil dakizkigun espero. Txikitan, gure eginbehar bakarra gutun bat idaztea izan ohi zen, nahi genuena ondo pentsatu eta hori idatzi besterik ez, den-dena ekarriko zitzaigulakoan.
Heldu bihurtutakoan, ordea, Gabonak buruhauste bihurtzen dira. Zer oparitu, erosteko beta hartu, non aurkitu etengabe buruan; zer afaldu, merke egin, batzuen betebehar idatzi gabea, tradizionala. Gabonek, guztion buruko irudian, emakume aurpegia dute: amama, izeba, amarena. Haiek dira Gabonen arrakastaren arduradunak; ospakizuna antolatzen dute, jakiak prestatu eta zerbitzatu, inor ez dadin oparirik gabe geratu egiaztatu, etxea polit eta goxo egoteko lana hartu, umeak gobernatu eta helduak hornitu... Gabonek, etxeko eta familiarteko ospakizun nagusia diren heinean, biderkatu eta areagotu egiten dute emakumeon etxeko ohiko lana, kristoren urduritasuna eta unadura eragiteraino. Baina Gabonak dira, tradizioetan tradizioa, mundu guztiak egon behar du pozik, eta ezin dena pikutara bidali eta planto egin, familiari huts eginda.
Txikiak garenean, ez gara konturatzen oturuntza berezi horien atzean dagoen lan gogorraz. Egin behar dugun gauza bakarra da eseri, ederto jan, jolastu eta Olentzerok gure gauzak zapata gainean utz ditzan itxaron. Ez gara ohartzen antolatzaileen izerdiaz, etengabe egin behar dituzten etenaldiez, jaiki, jaso, hurrengo platera ekarri, eseri... Txikiak garenean, eta egongelako opari-festa gozatzen dugunean, ez zaigu burutik pasa ere egiten bildutako horren guztiaren atzean egon den bilaketaz, ahaleginaz eta denboraz. Olentzero ez dela existitzen badakigunean ere, ez diogu galdetzen gure buruari nork hartu ote duen bakoitzak eskatutakoa gure zapata gainean agertzeko lana. Sabela beteta, opariak gure esku, zoriontsuak gara, eta kito.
Helduak garenean, ez dugu gutunik idazten. Zuzenean, eskatu egiten dugu behar edo nahi duguna, misterioa galdu egiten da eta, tamalez, Gabonek berekin dakarten kontsumismo zurrunbiloaren gurpilean sartzen gara, gehienok. Ohartu egiten gara ospakizunak antolatu beharrak eragiten duen zamaz, jaten dugun bakoitzaren atzean dagoen lanaz, han eta hemen utzi dugun dirutzaz; kontziente gara Gabonen «gezurraz», baina ezin diogu ospatzeari utzi, eta, gainera, betiko moduan ospatzeari.
Gabonek oso estandarizatuta jarraitzen dute. Agian bukatu dira amari plantxa edo xurgagailu bat oparitzen zitzaion garaiak, orain askoz ere moderno eta sentiberagoak gara-eta, baina lasai hartzeko, elkarrizketaz gozatzeko eta afari osoa eserita eman ahal izateko garaitik, arrakastaren erantzukizuna esku gehiagoren artean banatuta, oso urrun jarraitzen dugu, etxeko eta familiarteko ospakizun nagusiak diren heinean. Telebistako iragarkiak jarraitzen du izaten gure buruko Gabon perfektua: denak mahai inguruan, irribarretsu, eta ama harro, zoriontsu, bere bizitzako xede nagusia, familia, behar bezala ikusita.