Azkora Bizkaiko finala
Atutxak ez du txapela lortzeko arazorik izan
Oso erraz gailendu da Urdulizko neurketan, eta bigarren sailkatuari zortzi minutu pasa kendu dizkio.
Jon LEUNDA
Aitzol Atutxa oso erraz, errazegi, gailendu zen atzo Urdulizen jokatu zen Bizkaiko finalean. Txapeldunak bigarren sailkatu zen Irazabali zortzi minutu pasa kendu zizkion, eta hamar pasa hirugarrenari. Final baterako aldeak handiegiak izan ziren.
Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, bi 60 ontzako, eta bi oinbiko moztu behar izan zituen. Garbi ikusi zen Atutxa gainerakoengandik oso aparte dagoela, beste maila batean. Hasieratik hartu zuen aurre, eta erraz egin zuen aurrera. Ez zuen aurkaririk izan, eta amaieran oso garaipen erosoa eskuratu zuen, bere burua izan baitzuen finaleko aurkari bakarra.
Atzetik Irazabal sailkatu zen, finaleko gazteena. Hori berri ona izan zen, finaleko bi gazteenek eskuratu baitzituzten lehen bi postuak. Irazabalena ezuste handia izan zen, eta bi minutu pasako tartea kendu zion, gainera, Mendietari. Honek osatu zuen podiuma. Enborrekin ere ez zuen zorte handiegirik izan, gogor samarrak izan baitzituen. Larrea, Zelai eta Txikon sailkatu ziren atzetik. Deigarria da, baita ere, lehen postutik azkenekora egon zen tartea, 16 minutukoa izan baitzen, eta lana ez zen horrenbestekoa, baina hori da dagoena, eta, oraingoz, horrekin egin beharko du aurrera Bizkaiko lehiaketak. Txapelduna bikaina da, eta Euskal Herri mailan ere zeresana eman behar du. Irazabal ere oso gaztea da, eta oraindik hobetzeko asko baldin badauka ere, lanean jarraitzen baldin badu, berak ere zeresana eman beharko luke hemendik aurrera.
Atzokoarekin, Atutxak sekulako denboraldia bete du. Bizkaiko Bakarkakoa eta Binakakoa irabazi ditu, azken hori, gainera, bere aita lagun zuela. Urrezko Aizkoran, Binakakoa irabazi egin zuen, Azurmendirekin, eta Banakoan bigarren izan zen. 23 urtez azpikoa, berriz, bereganatu egin zuen. Euskal Herriko Lehen Mailan, azkenik, bere bigarren urtea izan du, eta aurten finalean sartzea lortu du, bosgarren amaituz.
Berriro ere desafio hotsak badira aizkora munduan, eta oraingoan Xabier Mindegiak egin du apusturako deia. Bere desafioa Julen Kañamaresi zuzenduta dago, eta Labaiengo gaztea prest egongo omen litzateke lau kana-erdiko eta lau oinbiko mozteko, eta apustua otsail inguruan jokatuko omen litzateke. Mindegia datorren ostiralean Donezteben egongo da, Amestia tabernan, Kañamaresen zain, 20.00etatik aurrera.