GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

URREZKO AIZKORA

Olasagasti eta Txapartegi hurrengo kanporaketan izango dira

J.L.

Joxemari Olasagastik eta Luix Txapartegik hurrengo kanporaketako bidea egin zuten atzo Leitzan Rekondo eta Mujika mendean hartu ostean. Urtezahar egunean, Otañoren eta Otaegiren aurka neurtuko dituzte indarrak.

Egin beharreko sei lanetatik lautan gailendu ziren Igeldokoa eta Aizarnakoa, lehen bietan, kolpekakoan eta kana-erdikoa zutik moztu beharrekoan, Rekondo eta Mujika izan baitziren onenak. Bi lan horietan lortutako tartea, ordea, hirugarrengoan, erlojuz kontrakoan, galdu zuten Leitzakoak eta Ibarrakoak, eta gero bi beteranoek ez zuten barkatu.

Iraupen probara 33 segundoko tartearekin sartu ziren, baina lan horretan ere hobeak izan ziren, eta amaieran ia minutu eta erdiko tartea izan zuten alde. Lan guztiak 26 minutu eta 24 segundotan burutu zituzten Olasagastik eta Txapartegik, eta minutu bat eta 23 segundo gehiago behar izan zituzten Jon Rekondok eta Jexuxmari Mujikak.

Gazteen Gabonetako Torneoa ere jokatu zen Leitzan bertan, eta Larrañaga azpeitiarra gailendu zen. Kanporaketa ezberdinak jokatu ostean, Olanorekin lehiatu zen finalean, eta gipuzkoarra izan zen bietan azkarrena.