GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lea-Artibaiko hautetsiek Vista Alegre proiektua bertan behera uzteko eskatu diote Lakuari

p018_f03.jpg

GARA | MENDEXA

Lea-Artibaiko Bilduko eta hautagaitza independenteetako zenbait alkate eta zinegotzi batu ziren atzo Bizkaiko Foru Aldundiari eta Gasteizko Gobernuari Mendexako lurretan egin nahi duten Vista Alegre proiektua bertan behera uzteko eskatzeko. Proiektuaren baitan, aparkalekuak, etxebizitzak eta lorategi urbanoa eraiki nahi dituzte Karraspion.

Bilduko hautetsiek prentsaurreko batean azaldu zutenez, Vista Alegre proiektuaren aurka daude ingurunea babesteko irizpideen aurkakoa delako. «Mendexan batu gara argi uzteko gure eskualdean egin nahi diren proiektu txikitzaileen aurka gaudela», azpimarratu zuten.

Karraspion aurrera eraman nahi duten proiektuari ateak zabaldu aurretik, lurralde antolaketaren inguruko hausnarketa zabala egin behar dela uste dute Lea-Artibaiko alkateek. «Egun indarrean dauden irizpideak zahartuta geratu dira, garaiak aldatu egin direlako. Krisi ekonomikoa da horren lekuko», nabarmendu zuten Mendexan. Hautetsiek gaineratu zutenez, Bilduk Lea-Artibai eskualdean lurralde antolaketa jasangarri baten alde egiteko konpromisoa du, babestutako guneak izendatu eta berauek zaintzeko bitarteko guztiak erabiliz.

Horiek horrela, Vista Alegre proiektuaren ondorioak jasango dituzten udalerrietako hautetsiek idatzi bana igorriko diete datozen egunetan Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari alternatiba jasangarriak aurki ditzatela eskatzeko.

Izan ere, «proiektuak Lea-Artibaiko kostaldea zuzenean ukitzen du, eta Bizkaiko Aldundiko Hirigintza Sailaren onarpenaren zain dago».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo