Cristobal Balenciaga Museoak Izagirre eta Mitanovski jostunak gonbidatu ditu lanak erakustera
«Modatik 011» egitasmoak moda eta musika uztartu ditu jostunaren etxean. Parte hartzaile, Nora Izagirre zein Marko Mitanovskiren jantziak batetik, eta, bestetik, Musikeneko biola-jotzaile bikotea eta Lucrecia Dalt.
GARA | GETARIA
«Modatik 011» egitasmoaren barruan, herenegun moda sorkuntzari eskainitako gaua bizi izan zuen Cristobal Balenciaga Museoak, eta Nora Izagirre zein Marko Mitanovskiren jantziak erakutsi.
Zortzietatik hamarretara bitartean gauzatu zen moda sorkuntza eta ikus-entzunezko ikuskizuna uztartu zituen ekimena, musika saioz lagunduta (saio bakoitzak 30 minutu inguru).
Etxe ezagunetan eskarmentua hartu eta gero 2006an bere izenean Donostian denda ireki zuen diseinatzaile gipuzkoarra da Nora Izagirre, eta, Marko Mitanovski, besteak beste Lady Gaga jantzi duen serbiarra. Azken jostun horrek bilduma ikusgarria erakutsi zuen oso, museora hurbildutako modazaleen esanetan.
Ikusleen artean -300 inguru-, gazteak eta helduak ziren nagusi, baina ume zein edadekoren bat ere hurbildu zen erakustaldira, joskintza lanak ezagutzeko jakin-min handiz.
Zuzeneko musika saioei dagokionez, Musikeneko ikasleen biola bikotea batetik (Iker Jimenez eta Maite Colasek osatua), eta Lucrecia Dalt bestetik, izan ziren protagonista. Bakarlari kolonbiarra da Lucrecia Dalt, indielektronika jorratzen duena.
Cristobal Balenciaga Museoa asteartetik igandera dago irekita, eta urtarrilaren 8ra arte moda argazki erakusketa ere eskegi du.