GARA > Idatzia > Kultura

Kate O'Brien idazle irlandarrari buruzko liburu bat aurkeztuko du gaur Aintzane Legarretak

GARA | BILBO

Irlandan bizi den Aintzane Legarreta Mentxaka idazle bilbotarraren «Kate O'Brien and the fiction of identity» izenburuko liburua aurkeztuko da gaur, 19.00etatik aurrera, Bilboko Bidebarrieta kulturgunean. Liburuaren helburua idazle irlandarraren lana Euskal Herrian gehiago ezagutaraztea da, batez ere «Mary Lavelle» lana. Lan horretan emakumeen sexualitateari buruzko gaiak aztertzen ditu, eta, hori dela eta, zentsurak debekatu egin zuen Irlandan eta espainiar Estatuan urte luzez.

Aurkezpenean, liburuaren zenbait atal irakurriko dira, ingelesez, euskaraz eta gaztelaniaz, baita Bilboz hitz egiten duten O'Brienen beste lan batzuen zatiak ere. Gonbidatu batzuek, horien artean Rocco Caira Irlandak Bilbon duen ohorezko kontsulak edo Brid Walsh Euskadi-Irlanda Cara-Lagun kultur elkarteko presidenteordeak, Irlandaren eta Euskal Herriaren arteko kultur loturei eta Kate O'Brienen eta Bilboren arteko harremanari buruz hitz egingo dute, labur bada ere.

«Kate O'Brien and the fiction of identity» idazle irlandarrak idatzitako «Mary Lavelle» (1936) eleberriari buruzko azterlana da. 1922ko Bilbon kokatuta dago, eta, puntu bateraino, hiriari egiten zaion omenaldia ere bada. Kate O'Brien Portugaleten bizi izan zen urtebetez, gaztea zela, eta bere bizitzako oso garai garrantzitsua izateaz gain, geroago bere eleberri baten baino gehiagoren inspirazio iturri ere izan zen.

Aintzane Legarreta Mentxaka Bilbon jaio zen, baina 20 urte daramatza Dublinen. Ingeles Filologia ikasi zuen Irlandan, eta masterra eta doktoretza ere egin zituen. McFarland argitaletxe estatubatuarrak ingelesez argitaratu dion liburua abenduaren 3an aurkeztu zen modu ofizialean Dublinen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo