GARA > Idatzia > Kultura

KRITIKA rock & roll

Nick Lowe, rockaren «gentleman»-a

A. BILBAO | BILBO

Larunbat gau euritsua Bilbon eta 200 lagun Santana 27 aretoan, Nick Lowe maisuari adi.

Gaueko hamaikak jota ziren new wave musikaren ikur izandako artistak, gitarra akustikoa lagun, oholtza zapaldu zuenerako. Ordurako bere taldeko teklatu jotzaile Geraint Watkinsek girotua zuen aretoa, ordu erdiko saioan, bakarka.

62 urte eta sasoi betean, Elvis Costelloren lehen lanak ekoitzi zituen musikariak ez du ahotsa goratu beharrik edo gitarrari txinpartak atera beharrik entzuleen arreta bereganatu eta kantu ederrak egiteko.

Bakarka bi kantu leun joz ekin zion zuzenekoari, tartean «Heart», bolumen gutxirekin, bikain. Gero laguntzen duen laukotea izan zuen ondoan, boskote erdi akustikoa osatuz: bateria, Gretch gitarra, kontrabaxua eta teklatua bere gitarra zaharrari gehituta. Taula gainean boskotea izanagatik, Lowe bakarka ari zela zirudien, beste musikariek bikain lagundu baitzuten abeslaria. Lowek eskerrak eman zizkien entzuleei bertaratzeagatik, gau euritsu eta hotza zela-eta. Bere ibilbidean zehar bidaiatuko genuela esan eta lan berri bat ere aurkezgai zuela jakinarazi zigun: «The Old Magic», azalean pin-up dantzari eta guzti.

Azken lan horretako kantuak, «Stoplight Roses», «I Read a Lot»... eta betiko kantu zaharrak tartekatu zituen ordu bateko saioan, rock & roll soinu klasikoarekin: «»House for Sale», «Cruel to be Kind»... eta bukatzeko, «Peace, love & understanding» -Costellok sona eman zion, baina kantua Lowerena da-. Zaleek, doinurik kulunkarienen alde egin zuten nabarmen, dantzatzera ere ausartuz, Euskal Herrian egon arren.

Tresna bakoitza bere tokian, bikain sonorizatuta, inork ez zuen gehiegizko imintziorik egin, inor ez zen nabarmendu, eta Lowe berak ere ez zuen behar izan oihuka hasi edo gitarra gehiegi astintzerik. Nahikoa izan zituen bere kategoria eta ahots gozoa Gabonak gugan pizteko (kar, kar).

Azken oparia

Bisetan, beste ordu laurden bat eta hiru kantu, tartean Watkins teklatu jotzailearen «Only a Rose». Eta maisuak agur esan zigun, hamaikagarrenez «eskerrik asko» esan eta «zein hitz ederra» gaineratuta. Rockzaleak, ordurako, ase.

Txalo zaparradari erantzunez beste behin oholtza gainera igo beharra izan zuen Lowek, hasi bezala zuzenekoari bukaera bakarka emateko. Costelloren maisuak Londreseko Elvisen «Allison» kantatu zigun orduan, «my aim is true» esanez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo