GIPUZKOAKO BERTSOLARI TXAPELKETA
Oholtzako hotza eta jendearen beroa, berdin gozotasuna
Amagoia MUJIKA | DONOSTIA
Finala amaitu eta ordu laurdenaren bueltan agertu ziren zortzi finalistak kazetarien aurrera. Aurpegi onak eta irribarreak ziren nagusi mahaian, plaza eder batean bertso saio on bat josteak ematen duen talde asetasuna sumatzen zen.
Txapelduna izan zen balorazio azkar bat egiten lehena eta sentsazioei buruz galdetuta «hotza» aipatu zuen lehendabizi. Ondotik finalista guztiek aipatu zuten oholtza gainean giroa oso freskoa zela, eta, horrek, noski, gorputzaldi deserosoa sortzen du. Baina, tira, tenperatura aparte utzita, giroa ez zen hotzetik joan, alderantziz. Animoak eta txaloak eskuzabal banatu zituen bertsozaleak.
«Ez nuen batere garbi ikusten nor pasako zen buruz burukora, ez neukan erreferentzia garbirik. Gauza oso onak eta ez hain onak izan direla uste dut. Baina jendearen erantzuna baldin bada saioa neurtzeko termometroa, ez zait iruditzen final txarra joan denik», esan zuen Sarriegik. Bigarrena balorazioa egiten Beñat Gaztelumendi izan zen; bigarrenez bigarrena hain juxtu. «Nire saioa berotzen joan dela uste dut eta buruz burukoan gora egin dudan sentsazioa izan dut. Orduan sentitu dut buruz buruko on bat egin beharraren ardura. Buruz burukorako saltoa ez da duela lau urtekoa bezalakoa izan, modu kontzientean eta hankak lurrean nituela eman dut», esan zuen.
Alaia Martinek garbi zuen «gozatu» egin nahi zuela saioan zehar, eta helburua lortu izanaren pozarekin jardun zuen prentsaurrekoan. «Nengoen lekuan egotea ze zorte, ze luxu eta ze pribilegio zenaren kontziente izan eta gozatu egin nahi nuen. Eta lortu dut, asko gozatu dut eta horregatik nago pozik. Ia ariketa guztietan sentitu dut ni ari nintzela kantatzen, eman dudala zerbait niretik».
Jon Martinen hitzetan, berriz, «sentsazio berezia da 10.000 pertsona begira izanik zure etxeko salan bezala sentitzea; hainbeste lagun eta familiako kantari eta aurrean jende asko baina giro gozoan –tira, hotzak hotz–. Kantatuari dagokionez, izan dira nahi bezala borobildu ez ditudan ariketak; beste detaile batzuekin, aldiz, gustura geratu naiz», jarraitu zuen.
Irazu ere gustura agertu zen egindako lanarekin. «Zentratuta etorri naiz eta ariketaz ariketa saiatu naiz. Nire lanari bukaera polita eman diodala uste dut gainera. Saioa gora joan eta buruz burukoan koska bat igo dela uste dut, ordura artekoari buelta bat eman diotela».
Apalategik hasiera gazi-gozoa izan zuela aitortu zuen. «Oso hunkituta sartu naiz saiora eta horrek lehen lanean nahi bezala ez aritzea ekarri du. Era berean hori seinale ona dela pentsatzen dut, pertsonak baikara bertsotan egiten dugunak. Buruz burukoan gora egin du saioak eta horra iritsi direnek garbi utzi dute zergatik iritsi diren», esan zuen. Agin Rezolak saioa hasi aurretik beldurra omen zuen plaza handiegi geratuko ote zitzaion, «eta oholtzara igotzeko egin dudan paseoan esan dut ‘uste dut handitxo geratuko zaidala’. Nire helburua horretatik abstraitu eta bertsotan egitea zen. Hasieran lortu dudala uste dut, baina gero dena lanbrotu egin zait eta egindako akatsekin bakarrik geratzen nintzen», aitortu zuen.
Unai Agirre, saioko zortzigarrena, lasai agertu zen. «Zortzigarren izanda ematen du triste egon beharko nukeela, baina ez da horrela. Saioan denetariko sentsazioak izan ditut, gaizki egindakoak eta asmatutakoak. Baina orokorrean saio polita joan dela uste dut». Esandakoa, saioa amaitu berritan, beroan, zortzikotean irribarrea nagusi.