GIPUZKOAKO BERTSOLARI TXAPELKETA
Galtzaileen fabore
Epaimahaiko izan banintz, erdiak pasatuko nituzkeen buruz burukora, pasatu zirenak barne. Baina txapeldunak eta ordezkoak kronika guztien protagonismoa izango dutenez, erreparatu diezaiegun «galtzaileei».
Joxean AGIRRE Kazetaria
Ni epaimahaiko izan banintz, erdiak pasatuko nituzkeen buruz burukora, pasatu zirenak barne. Baina txapeldunak eta ordezkoak kronika guztien protagonismoa izango dutenez, erreparatu diezaiegun “galtzaileei”.
Alaia Martin Eskolartekoetan kantuan behin eta berriz ikusi genuenok lirikarako joera gehiegi ote zuen esan ohi genuen. Nola aldatu diren gauzak. Gaur egun maitasunaz eta bikote harremanez erregistro modernoenak erabiltzen dituen neska dela esango nuke. Atzo, hirugarren ariketan (binaka, gaia emanda, 8ko handian) Apalategirekin ederki moldatu zen (“oraindik ere ezpainetan dut zure lehenengo musua” lehenengoan; “nola maitatzen ezin den jakin pixka bat sufritu gabe” bigarrengoan eta “ta maitasunak baietz bihurtu berriro ere nerabe”, hirugarrenean ). Eta, beste bertsoaldi bikain bat aipatzearren, bakarkakoa aipatuko nuke. Gaia zaila zen: “Larrialdi zerbitzura sartu zaituzte. Medikuak ez dizu sinetsi gertatu zaizuna” eta, hala ere, istorio bikain bezain konplexu bat osatu zuen, hipokondriaka baten larruan sartuta.
Apalategi freskura handiarekin ikusi genuen eta bakarkakoan asmatu egin zuela esan behar da zirujauaren paperean Lazkao Txikiri ebakuntza egitea erabaki zuenean. Bertso hunkigarriak izan ziren.
Bosgarrenari, Rezolari buruz, zer? Atzo ez ninduen erabat konbentzitu, bertso on batzuk eta txisterik txarrena bereak izan baziren ere, brazo gitano-arena.
Hortik aurrera galdu egiten naiz. Jon Martinek izan zituen zalantzazko uneak, baina hasiera eta bukaera ikusgarriak eman zituen: alaba bana espetxean dituzten gurasoen lehen Gabonetan hirugarren ariketan (“Gizon urdinak etortzen dira Olentzeroren partez”) eta bikote kamioilaria hil eta umeari begira kantatu zituenenetan (hiru bertso horien bukaerak gogoan hartzekoak izan ziren). Eta azken bigarren geratu zen.
Unai Agirre hasi eta buka ikusi genuen solte, seguru eta ondo. Eta azkena geratu zen. Antzeko gauzak esan daitezke Irazuz. Ez ginela, alegia, epaile izateko jaio.