GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KRONIKA | GIPUZKOAKO BERTSOLARI TXAPELKETA

Aitor Sarriegik helburua ondo buruan josi du saioa, eta txapela burura

Txapelaren bila zuzen joateko asmoa erakutsi zuen hasi aurretik eta asmo hori burutik kendu gabe osatu zuen saio osoa. Aitor Sarriegik finalaurreko arantza kendu eta Gpuntuko txapela jantzi zuen atzo, Illunbe bete zuten 9.200 bertsozaleen aurrean.

p006_f01_3.jpg

Ane ARRUTI

Benetan parekatua joan zen atzo Illunben ospatutako bertso jaia. Zortzi protagonisten arteko aldea oso estua izan zen, puntu erdikoa baino ez Jexux Mari Irazu eta Jon Martinen artekoa. Buruz bururako, bi edo hiru izen nabarmendu baziren ere, gero puntuek erakutsi zuten alde nabarmenik ez zela egon. 619 punturekin iritsi zen Aitor Sarriegi beasaindarra azken duelura. Beñat Gaztelumendi, berriz, 603 punturekin, eta sekulako saioa eginda hirugarren gelditu zen Alaia Martinek 594 batu zituen. Buruz burukoan dotore aritu ziren bi bertsolariak, ordura arteko lana biribilduz, eta, Beñat hobexeago aritu bazen ere, aurretik bildutako puntuek eman zioten txapela goierritarrari.

Hamarreko txikian hasi zuten lehia. Gaztetan Ameriketara joanak ziren biak, eta erretiroan Euskal Herrira bueltatu izanak ez zion graziarik egiten Gaztelumendiri. «Artzai izan asmotan joan ginen haraino/ ta hemen ez gera bi ardi galdu baino», kantatu zion azkenekoan.

Ondoren gai librean puntuka aritu ziren, eroso, Gaztelumendi atakean eta Sarriegi ederki erantzunez. Honakoa osatu zuten añorgarra hasita: «Ta aurrean dauzkagu hainbeste pankarta/ neri berdin nerea bat bakarrik da ta/ kartzelara heldu naiz joe hau da marka/ burua begiratu eta ez zapata». Kartzelako lanari, pankartan agindu bezala, Beñatek ekin zion. Bederatziko txikiaren ondotik, ikus-entzunezko batekin jarritako gaiari kantatu behar izan zizkion hiru bertso. Irudian pertsona bat ageri zen, etxeko eskilarak igo, etxean sartu, sofan eseri eta ETAk bere jarduera armatua behin betiko amaitzea erabaki zuela esan zuen telebistak. Gaztelumendik ederki josi zituen hiru bertsoak, ohikoa duen Habanera doinuan, bukaeretan errematatuz. Honakoa izan zen bigarrena: «Berrogeita hamar urtez luzaro borrokatuak/ emaitza eman duela zirenez konturatuak/ zenbat medio ote dira gugana bertaratuak/ garrantzia hartu dute uneak eta lekuak/ batzuk dira terrorista moduan izendatuak/ edo komisarietan odolez zerrendatuak/ gauez etortzen zaizkigu maiz zakur amorratuak/ alde guztietan daude jarduera armatuak».

Sarriegik, bukaera polita eman zion bederatzikoari. «Musua» zuen bertso bat osatzeko hitza: «Hautatzea bana/ balitz gaurko lana/ atzo gauean amak eman zidana». Ikus-entzunezkoarekin ere, ongi asmatu zuen hiru bertsoetan. Honek ere, bigarrena ederrena: «Frankismoaren garaian lehendabizi armak hartu/ sasi demokraziara ere armak eskuan sartu/ mundu hontan izan dira hainbat gatazka armatu/ utzi dute mila hildako ta ez dakit zenbat datu/ era berean jendea atxilotu torturatu/ politika egitearren barrurantz kartzelaratu/ eta besterik gabe gaur inork ezin du ukatu/ Euskal Herriko gatazka ez da oraindik bukatu». Azkenean, bost puntu eta erdiko aldea baino ez zen izan bi lehenengoen artean. Duela lau urte Aitor Mendiluzeren atzetik sailkatu zen Gaztelumendik argi kantatu zuen azken agurrean: «Marka da berriro ere bigarrena geratzea/ Aitor izena dutenak zaila da toreatzea».

Bakarkakoetan ondoen

Saioa parekatua izan bazen ere, gorabeherak izan zituen hasierako ofizioetan eta gehienek bakarkako lanera iritsi arte ez zuten lortu guztiz lehertzea. Hala ere, utzi zituzten ale ederrak. Zortziko handian, esaterako, Beñat eta Agini saski eder bat tokatu zitzaien dietan luzaro egon ostean. «Ez dek komeni galtzatan ezin kabiturik ibiltzia/ baino askozez hobia ez dek izango penaz hiltzia», bota zuen Rezolak. Alaia, berriz, saio gehienean zehar bezelaxe, oso ondo aritu zen puntu erantzunean.

Bakarkako lanean Iñaki Apalategi zirujauaren papelean jarri zuten; operatu berri zuen pazientea hil eta familiak salaketa jarri zion. Lazkao Txikiren istorioarekin lotu zuen beasaindarrak. «Hark esan zidan zirujau jauna a zer nolako ohorea/ lokartarazi nahi nauzu baina neri eman gero nerea/ berriz esnatu nahi nuke ta jarri despertadorea». Unai Agirrek, berriz, bikotekidea eta seme-alabak bere herrialdean utzita Euskal Herrira etorri eta soldata bidaltzen bazuen ere, beste batekin maitemindu zen hemen: «Iya bi urtez ikusi gabe nago denbora morduan/ jende gehiago tokatu ohi da halere gure inguruan/ guk etorkinok non eroririk sarri ez degu munduan/ goizean jeiki gauean joan bizitzarekin guduan/ hala behar ta maite berri bat badaukat nere onduan/ ez dakizute bakardadeak zer hutsune sortzen duan».

Azken asteotan ezagun egin den kasua tokatu zitzaion Sarriegiri. 20.000 eurodun poltsa topatu, bueltatu, eta komunikabideen jakin-mina piztu izana. «Gizartean zerbait gaizki ez al doa azkenean/ eskuzabala izatea heroikoa denean», bukatu zuen. Alaia Martini, berriz, larrialdi zerbitzuetan ingresatu eta medikuak ez zion sinesten gertatu zitzaiona. «Gaur larri nator, gaur larri nator, izan da lehenengo hitza/ ta medikuak ez dit sinetsi profesional onen gisa/ gaur hirugarren aldiz eduki baitut apendizitisa», kantatu zuen hipokondriakoaren paperetik.

Irazuk ere, bakarkakoan josi zuen lanik biribilena. Ume bat harreran izan ondoren, adoptatzeko aukera eskaini zioten: «Problematikoa omen berak gainean krisia/ baina elkar ulertzera zu ta bioren auzia/ egingo ditut papelak ta emango det jauzia/ zure etorkizunari jarri nahi diot hazia/ nondik zatozen eztakit zertarako ikusia/ etzintudan ez nik sortu ez nizun eman bizia/ baino bai agintzen dizut nere maitasun guztia», kantatu zuen bigarrena.

Beñatek egindako bakarkakoan, aipatzekoa da nola sartu zen emakume langile eta amaren paperean. Baja hartuta, etxean lan eta lan: «Bajak kendu dizkit nere lantoki aldeko jardunak/ baina lan gehiegi daude ikusten ez ditugunak». Aginek, berriz, polizia etxera joan beharra zeukan sinatzera baina egun horretan ez zen azaldu. «Noraezian firmai lotuta ez det hego ez ipar/ ta poliziak komisarian sarritan egiten dit par/ baino oraindik ze uste dute badaukat nahikua indar/ milaka kajero ta liskar/ omen daude nere bizkar/ baino ni gisan dauden guztiyei egin nahi nieke diar/ gerra etzala atzo hasi ta ez dala bukatzen bihar». Jon Martin, berriz, bikotekidea errepidean hil eta bere haur txikiak kamioiarekin nola jolasten zuen begira jarri zuten. «Jostailu hori begiratu ta hauxe etortzen zait hara/ azkenerako denak herion jostailu bihurtzen gara».

Ez dakigu Gpuntuarekin jostatu ote duten, zaleak behintzat ederki gozarazi dituzte bertsolariek azken hilabeteotan.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo