Maider Eizmendi Kazetaria
Egutegi aldaketa
Garaiz nabil gaiari bueltaka, baina agenda berria erosteak gerturatu egiten du bat urte berrira. Gurean, gainera, ez da broma, urtebete zahartzen gara mahatsak oraindik ere zintzurretik behera pasatzerako. Bai, ospatuak ditugun urteak baino urte horretan ospatu behar ditugunei heltzeko joera aldrebesa dugu. Gurean zenbat urte ditugun galdetzean, «hainbeste edo horrenbeste egiteko» esateko joera dago; ez galdetu zergatik. Niri xelebre iruditu izan zait beti, baina baita jendearen adinarekin jira eta buelta eztabaidan aritzea eta horretan ere saio luzeak eginak gara. Etxe guztietan izaten dira ohitura edo joerak eta gurean behintzat hori da bat.
Kontua da orokorrean urtez aldatzeari sekulako garrantzia ematen diogula sumatzen dudala. Tira, ondo dago mahaiaren bueltan esertzeko aitzakia behar izatea, baina zer du bada urtez aldatzeak? Bat-batean, paretako egutegia aldatze hutsak urte zaharraren amaierako arazoak desagerraraziko dituela pentsatzen hasten gara. Lehengoan tabernan horixe entzun nion bati: «Ia urte zaputz hau amaitzen den». Eta urtea aldatutakoan zer? Badira egutegia aldatzeak baino aldaketa handiagoak ekartzen dituzten egunak. Niri atzera begiratu eta aurten bertan batzuk etortzen zaizkit burura. Bakoitzak bereak aukeratuko ditu, noski; baina izan dira aurten seinalatu-seinalatuak, denak geunden tokian ere gogoratu ditugunak. Zalantzarik ez dut, haiek egutegi aldaketak baino dezente gehiago eragin eta eragingo dutela.
Xelebrea da halaber, urte berriarekin batera geure buruari erronkak jartzeko dugun ohitura; baina zer dela eta orduan eta ez bi aste lehenago? Edo udan? Urte aldaketari sekulako garrantzia ematen diogulako eta nolabait hark bultzadatxo bat emango digula pentsatzen dugulako izango da, agian. Finean, gure intentzio eta ahalmenean nahikoa sinesten ez dugun seinale. Eta, kontxo, urte aldaketaren bultzadak laguntzen ez badigu, datorrenaren hasierari itxarongo diogu lasai?
Badira horrenbeste itxaron ezin duten kontuak, urteari geratzen zaizkion egun bakan hauetan ere lana eta esfortzua eskatzen dutenak. Haiek ere, urte hastapenetan bultzada «kolosala» izango dute, seguru; baina helburu batzuek ez dute egunez eta egutegi aldaketez entenditzen; pareta batzuetan zintzilikatzen den egutegiaren zentzua desberdina baita.