Norabide onean emandako pauso txikia, perspektibaz ikusita handia izan daitekeena
Nafarroako Parlamentuak euskal preso politikoek pairatzen duten kartzela politika «malgutzeko» eskatzen duen ebazpena onartu zuen atzo, eta UPN eta PP izan ziren kontra agertu ziren alderdi bakarrak. Iruñeko ganberan egun dauden gehiengoak ikusita eta azken urteetan instituzio honek izandako jarrera itxia kontuan hartuta, atzo onartutako proposamena norabide egokian emandako pausoa dela esan daiteke. Izan ere, nahiz eta PSNk aurkeztutako ebazpenean askok uler ez ditzaketen baldintza batzuk agertzen diren arren -gainera iruzur eginez sartu zituen-, «barne kontsumorako» adierazpenak izan daitezkeenak, ezin da ukatu alderdi horrek presoen gainean esandakoa gauza berria dela, edo, behintzat, aspaldian ez ikusitakoa. Alde horretatik, nabarmentzekoa da Parlamentuan onartutakoa, emandako pausoa txikia izan daitekeen arren, norabide onean hartu delako.
UPNrekin Nafarroako Gobernuan dagoen PSNk presoekiko jarrera aldatu du antza, ziurrenik jabetu delako gizarteak ere hori eskatzen diola. Seinale ona izango litzateke emandako pauso hori aldaketa handiago baten aurrekaria izatea, baina oraindik ikusteko dago hori.