GARA > Idatzia > Euskal Herria

Telefoniako antenen ezarpenerako arautegi berezia finkatu du Baionak

Juridikoki loteslea izango ez den arren, telefonia mugikorreko instalazioetarako itun berezia adostea lortu du Baionako Herriko Etxeak. Operadoreak bertan jasotako baldintzak betetzera engaiatu dira.

p021_aran.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Baionako eremuan telefonia mugikorreko antenak ezarri edo dagoeneko instalatuta daudenetan eraldaketa garrantzitsuak egitea nahi duten operadoreak berrikitan Herriko Etxearekin sinatutako hitzarmenak araututakoa jarraitzera engaiatu dira.

Hala jakinarazi zuten atzo, Martine Bisauta eta François Gouffrant zinegotziek. Bi urte eta erdi negoziatzen aritu ostean, protokolo bat adostera iritsi dira. Bilkura horietan, Bouygues Telecom, SFR, Orange eta Free mobile operadoreez gain, Priartem eta Agir pour l'environnement elkarteak, ARS Akitaniako Osasun Agentziak eta, jakina, udal zerbitzu eta ordezkariak parte hartu dute.

Uhin elektromagnetikoek pertsonengan eragin lezaketen balizko kaltea dela-eta, hainbat herritarrek azaldutako kezkaren eta telefonia estaldura bermatzeko betebeharraren arteko oreka lortzea da hitzarmenaren helburua.

2009an Ingurumen ministerioak esperimentu bat abiatu zuen eremu elektromagnetikopean dauden auzoen arriskua murrizteko eta adostasun moduak bilatzeko. Saiakera horretan parte hartzeko hautagaitza aurkeztu zuen Lapurdiko hiriburuak, eta beste 26 hirirekin batera, bigarren atalerako -adostasun bide berriak esperimentatzea- hautatua izan zen.

Hitzarmen aurrerakoia

Erdietsitako hitzarmenean enpresa operadoreek txosten informatibo trinkoa aurkezteko konpromisoa hartzen dute, nahiz eta hirigintzako arauek horretara behartzen ez dituzten. Horrez gain, eragin elektromagnetikoaren maila neurtzeko kalkuluak edo simulazioak egiteko engaiamendua hartu dute.

Bisautak adierazi zuenez, puntu horrek «eztabaida handia» sortu zuen: «Gainerako hirietan ez dute lortu puntu hori onartzea. Hortaz, aurrerapen garrantzitsua delakoan gaude».

Hitzarmenean jasotako konpromisoak betetzen direla kontrolatzeko egitura, Baionako Herritarren Ordezkaritza (BHO) izatea proposatu dute. «Jarraipen hori Estatuak izendatutako adituen gain izan ohi da baina, gure kasuan, BHO arduratzeko aukera ere aurreikusten da, baina oraindik ez dago erabat onartuta», gaineratu zuen Bisautak.

Orain artean inolako azterketa zientifiko seriosek ez duenez frogatu uhin elektromagnetikoen kaltea, zuhurtzia printzipioari eusten saiatu da Baionako Udala. Alta, sei alditan Administrazio epaitegiaren aurrean salatua izan da eta operadoreen asmoak onartu beharrean aurkitu da.

Afera «konplexua» eta kontraesanez betetakoa dela aitortu zuen Bisautak: «Izan ere, jurisdikzio administratiboek eragin kaltegarriak frogatuta ez daudela argudiatzen dute antenen instalazioak baimentzeko, baina epaitegi zibilak ez dira iritzi berekoak. Hortaz, udalek aukerarik ez badute ere, auzokideek kaltetuak direla pentsatzen dutelarik, epaitegi zibiletara jotzeko aukera dute. Kasu horietako, adibidez, Adostasunerako Udal Egiturak kontrako iritzia emana izan balu, baliagarria izan daiteke, berez, iritzi hori ez baita legalki loteslea operadoreentzat».

ANTENA GEHIAGO

Egun 43 antena daude Baionan, 21 gunetan banatuta. Free enpresaren hedapena eta 4G teknologiaren etorrerak izugarri emendatuko ditu instalazioak. Une hauetan, sei eskaera berri daude udaleko mahai gainean.

ERREFERENTZIA

Beste hirientzat ituna «erreferentzia» izango dela uste du François Gouffrant hautetsiak: «Aurrerapen handiak, eta eragileen artean, ingurumenaren alde diharduten elkarteak barne, konfiantzazko harremana sendotzea lortu dugu».