GARA > Idatzia > Euskal Herria

Emakumeen aurkako erasoei «erantzuten» jarraitzeko deia egin dute herritarrek Irunen

Larunbat gauean Irunen izandako eraso sexista gaitzetsi zuten atzo herriko berrehun bat lagunek, Erantzun Herritar Kolektiboa plataformak deituta. Eraso sexisten aurrean «erantzuten» jarraitzera dei egin zuten.

p018_f02.jpg

GARA | IRUN

Erantzun Herritar Kolektiboa plataformak deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo, Irunen, asteburuan izandako eraso sexista gaitzesteko. Berrehun lagun batu ziren udal zinegotziak tarteko, Alzukaitz kalean, asteburuan erasoa izan zen tokian bertan. «Eraso sexistarik ez, aski da!» lelopean, emakumeen eskubideen aurkako erasoak bere horretan ezin direla utzi esan zuten, «beldurrak, oihuak edota isiltasunak» ezin direla «normalizatu» gaineratuz.

Emakumeen aurkako indarkeriari «erantzuten» jarraitzea beharrezkotzat jo, eta Arbeseko bizilagunaren jokabidea goraipatu zuten. Izan ere, larunbat gauean, gizonezkoa emakumea erasotzen ari zela, honen garrasiak entzun eta erasotzaileari aurre egin zion emakumeak eragotzi zuen eraso sexuala burutu ahal izatea. Kontzientziazioaren eta prebentzioaren alorrean lan egiten jarraitzea beharrezkotzat jo zuten.

Erakundeei neurri zehatzak hartzeko ere eskatu zieten, hala nola «hiriko puntu beltzen» desagerpenean pausoak ematea eskatuz. Izan ere, erasoa behin baino gehiagotan salatutako puntu jakin batean gertatu zela gogorazi zuten, eta beraz, «ekidin» zitekeela.

Pasa den azaroaren 25ean Irungo elkarte, sindikatu eta eragileek Erantzun Herritar Kolektiboa plataforma osatu zuten, eraso sexisten aurrean «erantzun herritar eta kolektiboa pizteko konpromisoa» hartuz. Adostutako protokoloa martxan jarrita, «nahi baino askoz lehenago» egokitu zaie kalera ateratzea. Eraso sexisten aurrean erantzun kolektiboan parte hartzera dei egin zuten. «Gero eta gehiago gara berdintasunaren aldeko borrokan bat egiten dugunak», azaldu zuten.

Zauritutako ertzaina, hobera

Bestalde, larunbatean Donostiako Loiola auzoan zauritutako ertzainak hobera egin du. Gizonezko bat bere etxebizitzan gorde zen eskopeta eskuetan zuela eta tiroka aritu zen etxetik, emazte ohia eta ertzain bat zaurituz. Hasiera batean eraso sexista izan zitekeela zabaldu bazen ere, Lakuako Barne Sailak bertan behera bota zuen hipotesi hori.

Emakumea asteburuan zen medikuaren alta jasotzekoa. Ertzainari dagokionez, larri zauritu zen, hankan eman zion tiroaren ondorioz, eta ebakuntza egin behar izan zioten. Igandean Rodolfo Ares Barne sailburua izan zen Donostia Ospitalean bisitan eta ondorengo orduak erabakigarriak izango zirela azaldu zuen.

Ezbehar horren aurrean, Loiolako auzo elkarteak eta Donostiako mugimendu feministak elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean, «Indarkeriaren aurrean auzo elkartasuna» lelopean. Halakorik berriro gerta ez dadila eta Loiola armarik gabeko gune izendatzeko eskatuz oharra zabaldu zuten. Asteburuan bizi izandako egoerei erantzuteko «auzo elkartasuna» praktikan jartzera dei egin zieten auzotarrei.

Loiolan

Loiolako auzo elkarteak eta Donostiako mugimendu feministak elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean, «Indarkeriaren aurrean auzo elkartasuna» lelopean. Oharra ere zabaldu zuten, Loiola armarik gabeko gune izendatzeko eskatuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo