Berezkoak Superprestigioa
Paxkal Ezkurrak, asko kostata, eta Andde Kurutxarik, uste baino errazago, egin dute finalerdietarako bidea
J.L.
Ezkurrak eta Kurutxarik lortu zituzten atzo Donibane Garazin Superprestigioko finalerdiak jokatzeko txartelak. Datorren astelehenean, lehenengoak Waltarirekin neurtu beharko ditu indarrak, eta bigarrenak, berriz, Harizmendi izango du aurrean.
Atzoko lehen partida ikusgarria izan zen, eta bertan Ezkurrak lortu zuen aurrera egiteko txartela Ozafraini 40 eta 38 irabazita, 73 minutuz pilotan aritu ostean. Norgehiagokak gorabehera asko izan zituen, baina amaieran Urruñakoaren freskotasunak irabazi zuen, Ozafrain erabat akitu baitzen.
Lehen tantoetako orekaren ostean, Bankakoak aurre hartu zuen, eta zortzi tantoko aldea ere izan zuen, 16-24, baina Ezkurrak erreakzionatu egin zuen, eta markagailuan hurbiltzen hasi zen, 32-32 berdindu arte.
Bazirudien lapurtarrak zailena egina zuela, baina Ozafrain gogotsu zegoen, eta berriro ere ihes egin zuen 32-36, eta oraingoan betiko izango zela zirudienean, Ezkurrak bere bolada txarra atzean utzi zuela erakutsi nahi izan zuen, eta berriro berdindu egin zuen partida.
Ordurako Ozafraini nekea antzematen zitzaion, eta azken tantoak luze egin zitzaizkion. Ezkurrak ez zuen barkatu, eta garaipena eraman zuen. Datorren astelehenean finalerdi oso erakargarria jokatuko du Kubakoren aurka. Saketik sei tanto egin zituen Ezkurrak, eta bat gutxiago Ozafrainek. Jokoan 27 eta 29 egin zituzten, eta galdu, berriz, 5 eta 6. Markagailua honela joan zen: 3-0, 3-3, 8-8, 11-11, 13-13, 14-14, 15-15, 16-24, 24-27, 32-32, 36-36, 38-38 , 40-38.
Bigarren partidak ez zuen kontatzeko gehiegi izan, Bonebeltxi eskuko mina jarri baitzitzaion partidaren erdialdean, eta ezinean aritu zen norgehiagoka osoan zehar. Kurutxarik 40 eta 23 irabazi zion. Sakean egon zen alde ikaragarria, 14 egin baitzituen irabazleak, bakarra, besterik ez, galtzaileak. Jokoan tantoak egiterako garaian, 18na egin zituzten, eta galdu, berriz, 4 eta 8. Oren bat iraun zuen neurketako markagailua honela joan zen: 2-0, 3-3, 5-5, 8-8, 9-9, 10-10, 16-16, 18-18, 24-18, 29-20, 33-21, 39-22 eta 40-23.