GARA > Idatzia > Kultura

«Asko eskertu nuen kartzelara joatea, gehiago disfrutatu nuen handik aurrera»

p040_f01_250x124.jpg

Aitor Sarriegi

2011ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelduna

Ikasketaz informatikako ingeniari, Urretxu-Zumarraga ikastolan ari da, IKTen dinamizatzaile lanean. 1989an bota zuen jendaurreko lehenengo bertsoa, eta eskolarteko txapelketetan aritu ondoren, Lizardi saria (1992) eta Osinalde saria (1993) irabazi ditu. Euskal Herriko txapelketan 2009ko finalean kantatu zuen. 2007an Gipuzkoako finalean izan zen eta igande honetan Gpuntuko txapela eskuratu zuen.

Ane ARRUTI | TOLOSA

Beasaindar honek datorren astean bertan beteko ditu 35 urte, baina kostako zaie bai Olentzerori eta bai familiari ere igandean eskuratutako txapelak bezainbeste ilusio egingo dion oparia egiten. Biharamunean, egindakoaz hausnartzeko denbora gehiegirik gabe, Gipuzkoako Bertsozale elkarteak Tolosan duen egoitzan lotu dugu zita.

Zer sentsazio duzu finaletik?

Arraro samarra. Beti ohituta beste batzuk txapela jartzen ikusten eta ez duzu imajinatzen zuri toka dakizukeenean horrela izango denik. Beste era batera imajinatzen duzu. Pentsatzen dut denborarekin joango naizela ordenatzen atzoko sentsazioak eta oroitzapen goxoa geldituko zaidala.

Hotz galanta pasa omen zenuten.

Jesukristorena! Gainera ni ez naiz batere hozkila. Lanean jendea jertsearekin dabilenean manga motxean ibiltzen den horietakoa naiz. Orain dela lau urte bero sentsazioa izan genuen eta atzo hotza.

«Dezakedana ematen asmatzen badut, oso ondo egin beharko du hobeto egin nahi duenak», esan zenuen finalaren aurretik.

Uste dut tope horretaraino ez ginela iritsi. Buruz burukoarekin gustura gelditu nintzen, baina aurrez uste dut han geunden denok eman genezakeela gehiago. Besteek beren topea eman balute, nik ere gehiago eman beharko nuke txapelarekin gelditzeko. Saio erregularra egin nuela pentsatzen dut, eta batik bat, buruz burukoarekin gelditzen naiz. Libreago sentitu nintzen eta sentsazio atsegina daukat.

Halere, zure buruarekiko konfiantza erakusten du esaldiak.

Ez dakit. Ez neukan konfiantzarik, neukan hori emango nuena, baina ematen baldin banuen, uste dut, kontziente nintzela aukera asko neuzkala, eta uste dut nire egoera berean beste finalista gehienak zeudela.

Konfiantza falta hori, finalaurreko gorabeheratsuak ekarri zizun?

Bai, arraro samarra izan da txapelketa niretzako. Hiru saio kantatu ditut eta lehenengoan, batik bat aurretik, oso urduri egon nintzen, saioan bertan ez hainbeste, baina aurretik gaizki pasatu nuen, obligazio ia-ia morala neukalako pasatzeko eta ondo pasatzeko. Tolosara lasaiago joan nintzen, egin beharreko lehenengo minimoa beteta bezala. Baina hasiera-hasieran egin nuen poto hark erabat deskolokatzen zaitu. Oso kalkulatzailea naiz, eta kalkulu guztiak hankaz gora jartzen dizkizu. Ez dakizu non zabiltzan, noiz errekuperatu duzun edo ez zaren ari errekuperatzen... Deskolokatuta gelditu nintzen eta saioan bertan pasatu nuen gaizki. Atzo, arraroa da, baina aurreko saioetan baino hobeto egin nuen lo, hamar bat lagun joan ginen Donostiara, bazkaldu genuen lasai, aurretik ardo bat hartu, Illunbera iritsitakoan beharrezkoa den har hori neukan barruan... Lehenengo bertsoa bota arte ez dakizu egun horretan bertsotarako zauden. Ez nuen pentsatzen bertsotarako nengoenik, etengabe komentatu nien lagunei, baina atera nuen pixkanaka eta oso sentsazio onarekin bukatu nuen.

Hasieratik oso kontzentratuta nabari zitzaizun.

Uste dut izan nuela gorabeheratxo bat. Puntu erantzunetik bukaerara arte gelditu zitzaidan iltzatuta errima bat. «Klaro» bat sartu nuen, bala bat bezala sartu zitzaidana. Etengabe eduki nuen buruan. Agian ez zuen halako garrantzirik, baina askotan oso diferente bizitzen da barrutik eta kristoren sakrilegioa egin banu bezala neukan nik.

Zeure burua ikusten al zenuen buruz burukoan?

Ez nekien. Akats nabarmenik ez nuela egin banekien, hori kenduta, errima baldar pare bat sartu nituen bakarka presak eraginda. Ikusten nuen besteek ere egin zituztela gauza onak, nik bezala, baina hanka-sartzeak ere bai, eta ikusten nuen hanka-sartzeak batzuenak handiagoak zirela. Agin ere ikusten nuen, jendearekin asko konektatzen... Ez dakizu azkenean nola baloratzen den gauza bakoitza. Denok komentatzen genuen pronostiko argirik ez geneukala eta puntuazioak hori erakusten du. Hirugarrenetik zortzigarrenera 22 puntu daude, hori ez da ezer sei epaile eta hamabost bertsotan. Orain lau urte antzeko zerbait pasatu zen. Seinale ona da.

Buruz burukoan «beteranoa» zenuen parean, halaxe kantatu zizun behintzat.

Beterano gaztea, bai. Akordatzen naiz atera ginenean esan niola: «Eta orain, zer egiten duk hemen?». Ez nekien kasu egin behar genuen edo kantatzen hasi... tokiz kanpo bezala geunden. Bera ere behin zegoen egonda eta gainera, horrelako bizipenak, aldiko diferenteak dira. Elkarrekin egin beharreko zerbait zen eta uste dut horretan asmatu genuela. Uste dut brillo pixka bat eman geniola finalari. Hamarreko txikian bereziki ondo ikusi nuen Beñat; puntutan, trabeskeria bat edo beste kenduta, galdera-erantzun politak izan zirela uste dut eta bakarkakoan gustura gelditu nintzen.

Puntukako saioa izan zen barre gehien eragin zuena. Eroso aritu zineten?

Beñat zen aurretik bigarren gelditutakoa. Beste bat balitz, agian zer esan gutxiago izango genuen librekako saio horretan. Ematen zuen gai-puntu bat eta saiatu ginen aprobetxatzen.

Kartzelara joatea zuri egokitu zitzaizun. Hankak lurrean jartzeko balio izan omen zizun.

Asko eskertu nuen. Uste nuen, geunden ordenan egonik, bera zela kartzelara zihoana. Eta, esan zutenean nik joan behar nuela, zerua ireki zitzaidan. Ez nintzen sentitzen momentu horretan lan horri aurre egiteko prest. Asko lagundu zidan aterrizatzeko, gauzak patxadatsu hartzeko, eta uste dut, bertsoa egiten gehiago disfrutatu nuela handik aurrera.

Gaia ikus-entzunezkoekin jartzea izan da aurtengo nobedade bat. Zer irudipen?

Gustatu zait. Gaia, azkenean, hitzez ematen denean ere, detalle ezberdinei begiratzen dio pertsona bakoitzak. Kasu horretan antzeko zerbait gertatzen da. Zenbat eta erreferentzi ezberdin gehiago sartu, bisualak, audioa... are aukera gehiago dago gauza ezberdinetan fijatzeko. Nire kasuan, notizian bertan fijatu nintzen.

Beñat, aldiz, irudian gehiago.

Uste dut interesantea izan daitekeen bide bat dela hemendik aurrera. Agian gaia bera iruditan bertan egon daiteke. Nik gaia iruditan egotea espero nuen, eta, agian horregatik, mezua entzun nuenean, erabat tapatu zidan aurreko guztia.

Lanak bukatuta, txapela burura. Mikel Mendizabali eskaini zenion.

Mikel Mendizabal izan da Goierriko bertso eskolan ibili garen belaunaldi askorentzako erreferente nagusia. Lanean jende asko ibili da, baina ni bertsotan bat-batean hastearen errudun nagusia bera da. 23 urte dira jada lehenengo bertsoa bat-batean kantatzera derrigortu ninduela. Hori izan zen eskertzeko modua.

BIHARAMUNA

«Pentsatzen dut denborarekin joango naizela atzoko sentsazioak ordenatzen eta oroitzapen goxoa geldituko zaidala»

«Betortza ez da 25 eta 35 urterekin berdin zorroztuta egoten eta hozka egiteko gogo diferentea edukitzen da»

Gpuntuak apustu berezia egin du aurten; ariketa ezberdinak egin behar izan dituzue, txapelketan ezohikoak batzuk, ordena diferentean... Ze balorazio egiten duzu?

Denon artean egin beharreko balorazioa dela uste dut. Askotan biziatuta egoten dira gure balorazioak, bakoitzari gauzak nola atera zaizkionaren arabera. Talde antolatzaileko partaide izan naizen aldetik, uste dut gauza batzuetan asmatu dugula eta beste batzuetan ez hainbeste. Iruditzen zait orain asmatu ez dugula pentsatzen dugun aukera horiek ere, ez direla erabat baztertzekoak. Ikusi behar da zerk ez duen funtzionatu, zergatik, baina ez du esan nahi hemendik aurrera egituratan aldaketei uko egin behar zaienik. Pentsatu nahi dut hemendik aurrerako saioak 1982ko saioetatik egitura ezberdinekoak izan daitezkeela.

Bertsolari ikuspegitik, prestakuntzan aldaketarik eragin al du?

Ez. Ez dut aparteko ezer egin, ordena diferentean kantatu. Gure prestakuntza tokatzen zen faseko saioa osatzera mugatzen zen.

Gipuzkoako bigarren finalean iritsi zaizu txapela. Tartean Euskal Herriko finalera sailkatu zinen. Gora eta gora?

Hamasei urte dira lehenengo txapelketan parte hartu nuenetik eta pertsona nekatu ere egiten da. Askotan esaten dut betortza ez dela 25 urterekin eta 35 urterekin berdin zorroztuta egoten eta hozka egiteko gogo diferentea edukitzen duela. Agian txapelketa honetan beldurrik handiena horrek ematen zidan, ez edukitzea jende gazteagoak eduki zezakeen grina. Iruditzen zait gero eta zailagoa izango dela grina hori edukitzea. Horregatik iruditzen zait miresgarria, adibidez, Jexux Mari Irazu bat gerra gogoarekin hor ibiltzea. Nik ez dakit 39 urterekin grina hori edukiko dudan. Momentuz hau disfrutatu nahi dut eta hemendik bi urtera, gauzak ongi, Euskal Herriko txapelketan kantatuko dut.

Zertan aldatuko zaitu txapel honek?

Nire bizimodua ez dut uste asko aldatuko denik. Konparatu nezake pittin bat Euskal Herriko finalean sartu nintzenekoarekin, baduzu edozein plazetan erantzukizun handiago bat edo. Agian ardura puntu bat erantsiko dit, itzal bat eduki lezakeelako txapelak... ez dakit.

Bi urte hauetan itzal hori igarri duzu?

Bai, antzematen da. Bertsoa entzuterakoan, arretan eta exijentzian. Zure ahaleginen kontsiderazioa, nahi eta nahi ez, ezberdina da entzuleen aldetik. A.A.

FINALAren itzala

«Bertsoa entzuterakoan, arretan eta exijentzian antzematen da final nagusian sartu izanaren itzala»

PAREKOTASUNA

«Hirugarrenetik zortzigarrenera 22 puntu daude, hori ez da ezer sei epaile eta hamabost bertsotan. Seinale ona da»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo