HILETA OHARRA | MIKEL UGARTE
Musikak egiten zuen, musika zuen Izaera
GARA | DONOSTIA
Mikel Ugarte Susperregi (Hondarribia, 1980) atzo arratsaldean zendu zen, larunbat gauaz geroztik koman egon ondoren. Hondarribitik Berako gaztetxerantz zihoan gitarra-jotzaile eta musika teknikari gaztea, Izaera taldearekin eta Willis Drummondeko lagunekin batera eman behar zuen kontzertura, eta bidean izandako auto istripuak eragindako zauri larrien ondorioz hil da.
Musika eszenan oso ezaguna zen Mikel, Bidasoaldean batez ere. Bertako banda askoren maketak grabatu zituen teknikari moduan bai Irungo Landetxa auzoko estudioan, bai Hondarribiko Psilocybenea aretoan (bertako langile zen). Horien artean, Kabul, Luz de Putas, Blood Seekers edo Pinbol taldeenak, esaterako. Naica taldearen lehen diskoaren grabaketan lanean ari zen buru-belarri.
Zuzenekoetan ere ibili ohi zen teknikari moduan eta talde ezagunen kontzertu biretan parte hartu zuen. Hala nola, Barricada, Alex Ubago, Su Ta Gar edo Zea Mays.
Izaera taldea hilabete honetan bertan elkartu zen berriro ere errepidera itzultzeko baina errepideak berak lapurtu dizkie amets guztiak. Agur ekitaldiak bihar egingo dituztela adierazi zuten musikari eta, batez ere, musikazale gazte honen gertukoek.