GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz | www.elomendia.com

Baina bihotzak dio... zoaz Euskal Herrira

Gogoan izan dezagun Euskal Herriko zeru gainean izar berri asko piztu direlako iritsi garela gaurko une ilusionagarrira

Herrialde guzietan toki onak badira, jakina. Munduan zehar ibilitako Iparragirrek idatzi eta kantatu zuen. Ezaguna izan da gure kantaria bazter ezberdinetan, esaterako, Rio de la Platan, arrazoi askorengatik, besteak beste, seme-alaba ugari utzi omen zituelako. Izan ere, kantuaz gain beste abileziak bazituen gizonak. Egia ote den ez dakit baina, finean, ez dut Iparragirretaz idatzi nahi. Ez berataz soilik, bederen. Etxetik kanpo behartuta daudenak ekarri nahi ditut gogora. Iparragirrek berak ezagutu zuen egoera hori. Zibilek eraman zuten, dakigunez, eta ongi asko ikasi zuen Urretxukoak zein gogorra den lur maitea uztea. Ez berak bakarrik, tamalez! Beste euskal herritar aunitzek ezagutu dute malerus hori.

Zenbat lagunek egin dute bidaia hori? Zenbat kilometro, mila, oin? Zenbat ozeano, mendilerro, ibai, muga, sasi, zulo, ziega, hilobi? Zenbat malko? Zenbat agur? Zenbat pena isil? Hamaika Iparragirrek ere ez zuten oinaze hori dena kantatzeko indarrik izanen!

Dena ez da iluna izan, dena ez da ilun, berriz. Argia piztu baitute ahalegin guzi hauek. Bat ere ez delako galdu. Gure gaineko zeruan ostarteak atzematen ditugularik, ez dezagun inoiz ere ahantz larrutik ordaindu dutela batzuek argitasunari bidea ireki izana. Gogoan izan dezagun Euskal Herriko zeru gainean izar berri asko piztu direlako iritsi garela gaurko une ilusionagarrira.

Iraganeko ibilbidearen arrastoa galduko bagenu, nola jakinen genuke etorkizunerako bidea kausitzen? Alferrikakoa gertatzen zaio iparrorratza nondik abiatu den ez dakienari! Guk bide berriak aurkitu behar eta nahi ditugu, bide zaharretatik tarte luzea egitea erdietsi dugulako, otsoek eskutik hartu gabe, Telesforo Monzonen kantuak dioenez. Bidean eroritakoak lepoan hartu eta aurrera jarraitu dugulako. Egindako lanak ireki ditu ateak, akatsak, asmakizunak, bidegurutzetan ongi eta gaizki hautatutako bideak, dena gogoratuz, dena sorbaldan kargaturik.

Eguberritan, manipulazio kristau, uholde kontsumista eta nagusitzen den zurikeriaren gainetik, zerbait bada: urteko gau luzeenak, naturaren une garrantzitsua, gure bizitzaren mugarri berezia. Eta egun seinalatu hauetan asko gara maite duten sutondoan egonen ez direnekin akordatzen garenok. Hil direnekin, preso eta urrun daudenekin, sufritu eta sufritzen duten guziekin. Gerezien garaiak erakartzeko hainbeste ordaindu duten horiekin. Jakin badakigulako haiek gabe, haien lanik gabe, ez ginela inoiz hona iritsi izanen.

Munduko bazter batzuk ezagutzeko parada izan dut urte honetan. Leku horietan bere seme-alabek (batzuetan, birbilobek!) Euskal Herriari dioten maitasunaz jabetu naiz. Gure Xalbador maitea oker zebilen: Ama Euskal Herria ez da bere seme-alabek abandonatuta hilen. Inork ez digu bekatu hori barkatu beharko. Are gutxiago planetako hamaika zulotan askatasuna eskuratzeko bide neketsuetan dena eman edota ematen dutenei. Haien gau ilunek ekarri baitute gaurko argitasuna! Ziur asko, haien bihotzek, oraingoan, gero eta taupada arinagoz, halaxe kantatuko dute, Iparragirrenak bezalaxe: zoaz Euskal Herrira! Ekar ditzagun, bada!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo