GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Euskal selekzio ofiziala lortzea ez da ezinezkoa, baina jokalariena bezalako konpromisoak behar dira

Datorren asteazkenean, hilak 28, Euskal Herriko futbol selekzioak Tunisiaren aurkako partida jokatuko du. Urteroko partida. Euskal gizarteak, ordea, bere selekzioak urtean behin partida bat jokatzea baino zerbait gehiago nahi du. Eta kontua ez da partida kopurua, baizik eta jokatutako partidak ofizialak izatea. Euskal jokalariak bat datoz euskal herritarren nahi horrekin, eta, ofizialtasuna aldarrikatzeaz gainera, ofizialtasunaren aldeko urratsak eman ere ematen dituzte, herritarrak ordezkatzen omen dituzten erakundeek geldirik dirauten bitartean. Gizonezkoen futbol selekzioko jokalariek beren haserrea eta tristura agertu zuten atzo kaleratutako komunikatuan, eurak iaz lagunarteko partida jokatzeko prest agertu ondoren ez baitute Euskadiko Federazioaren aldetik aurrerako biderik egiteko asmorik sumatu. Herritar gehienen nahiaren aurkako borondate falta hori, izan ere, salatzeko modukoa da, jokalariek dioten bezala, euskal selekzio ofiziala lortzea ez baita ezinezkoa; hala ere, ofizialtasunera bitarteko bidea egin egin behar da. Jokalariak beraiek ari dira erakusten bide hori, beren konpromisoarekin. Euskal gizarteak, hartara, jokalarien konpromisoa izan badu, baina ez bidea zabaltzea dagokien erakundeena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo