GARA > Idatzia > Kultura

haur eta gazte literatura

Lehen pausoak

p043_f01.jpg

Xabier ETXANIZ ERLE

Guztiz bitxia da Pako Aristi eta Jose Luis Zumetaren artean eginiko lan hau. Aristi idazle ezaguna dugu, eta aurrerago komentatuko dugun bezala, idazkera ezberdina erabili du ipuin honetan; Zumetarentzat, aldiz, hau da haurrentzako liburu bat ilustratzen duen lehen aldia eta bere pintore ibilbide luze eta propioaren zigilua nabari da haur literaturako liburu honetan.

Scott Barberena dugu ipuin honetako protagonista nagusia eta irakurleak ikusi ahal izango duen moduan hasiera-hasieratik ageriko zaizkigu beste protagonista batzuk Scottekin batera, lehena, esaterako, erlojua; bion arteko elkarrizketak ematen dio hasiera ipuinari «Erlojuaren ametsa» izenburua duen lehen kapituluan; eta arestian aipaturiko elkarrizketa horrez gain poema bat aurki dezakegu kapitulu amaieran: «Txarra nintzen musikan/ Konpasa galtzen nuen sarritan./ Orduetan opera jo behar da. / Ordu erdietan euskal baladak./ Beethoven, Mozart, Txaikovski, / Laboa, Markez eta Lertxundi./ Rocka gustatzen zitzaidan./ Geroztik zenbat damutu zaidan!» (12. or.). Eta hain zuzen lehen kapitulu horretan nabari ditzakegu idazkera eta tematika aldetik liburu honek dituen ezaugarri berezietako batzuk: fantasia eta errealitatearen arteko nahasketa, objektuek pertsonalitatea eta nortasun propioa dute; elkarrizketak dira nagusi, kontaketaren erritmoa gertakari puntual askoren gehitzeaz osatuz eta kontaketa horretan zati poetikoak tartekatzen dira testuaren arintasunaren aurrean ideia, pentsamendu edo sentimenduen pisua ezarriz.

Scotten bizitzan pertsonak dauden moduan hainbat objektu daude, lehen ikusitako erlojua, gizontxoa, bela ontzia... eta Scottek frustrazioari aurre egiteko, lagunekin batera bidaia bat prestatuko du Pernambucora, aitaren bila. Izan ere, aitak merkantzi ontziko bidaiara joan zenean ez zuen Scott agurtu, amarekin haserretuta alde egin zuen eta mutikoa beldur da ez ote den gehiago itzuliko. «Eta itzultzen ez bada?».

Argumentuak, beraz, jolas, fantasia eta abenturazko kontakizun batean sartzen gaitu eta Jose Luis Zumetaren irudiek, bai orri osokoek (edo bi orritakoek) bai txikiek eta kolore konbinaketez eginiko marrek, giro horretan murgiltzen laguntzen dute. Ez hori bakarrik, pintorearen estilo pertsonaleko irudi horietan informazio ugari agertzen baita, esan baino iradokitzen duten irudi koloretsu eta bizien bidez. Alberto Manguel kritikari ezagunak aipatu izan du irakurleari dagokiola liburuari buruzko, irakurketari buruzko azken iritzia, eta irakurle moduan nire kasuan Scott Barberenaren lan hau harrigarria gertatu zait, arestian aipatu bezala, kontatzeko moduagatik eta irudiek iradokitzen eta hartzen duten indarragatik, baina baita ere istorio nahiko fantastiko honen oinarrian beste narrazio guztiz erreala dagoelako, irakurlea hunkitzen duen istorioa, alegia. Horregatik guztiagatik dugu liburu hau azken garaiko sorpresa atseginenetako bat; «Lehen pausoak» omen diren hauek izango al dute jarraipena!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo