Estibalitz EZKERRA | Literatur kritikaria
Nortasuna atzerrian (I)
Guadalajarako Liburu Azokan Fernando Aranburuk euskal literaturaz eta euskal idazleei buruz egindako adierazpenen harira solasaldi interesgarria izan nuen duela egun batzuk lagun batzuekin. Kasualitatez, lagun haietako bat euskal idazlea zen eta ziur aski gainerakook espero ez genuen bezala, bera izan zen Aranbururen esanak ondoen eraman zituena. Etxean arrakasta izan ez eta erabat erresuminduta dagoen idazlearen pitokeriak baino ez zirela, esan zigun, horrelakoetara ohituta egon beharko ginatekeela honezkero. Lagunak arrazoia zuela iruditu zitzaidan, baina Aranbururen adierazpenetan bazen kontu bat askok, berdin du zein alderditakoak diren edo erresuminduta dauden ala ez, egiatzat dutena: kanpoan egoteak askatasun handiagoa ematen du.
Egia da etxetik kanpo zaudenean posible dela gatazka iturri izan daitezkeen hainbat kontu atzean uztea, litekeena delako hemen garrantzia ematen diogun horrek inolako interesik ez piztea beste herrialde batean.
Nortasun kontuez ari garenean, ordea, bestelakoak dira gauzak. Nortasuna atseden unerik gabeko negoziazio prozesua da, hots, ez da inoiz osoa izatera iristen egoeraren eta besteekiko harremanean goazelako hura moldatzen. Beraz, maila teorikoan jada ikus dezakegu etxetik kanpo egoteak ez duela ziurtatzen gure nortasuna salbu egongo denik. Baina jar dezagun adibide zehatz bat, Aranbururen hitzen sinpletasuna agerian utziko duena. Azken hamarkadetan, latino hitzak indar berezia hartu du AEBetan. Hasieran, Hego Amerikako herrialderen batekoak diren horien zein haien ondorengoen eskubideak defendatzeko hasi ziren hitz hori erabiltzen.